Ingurumenaren Eguna ospatu ohi da ekainaren 5ean, nazioartean, eta, horrekin bat eginez, Lasarte-Orian Aste Berdea antolatu dute, hamargarrenez. Horrela, hainbat ibilaldi gidatu antolatu dituzte hilabete honetarako, eta, iragan asteazkenean, lehen hitzaldi ibiltariarekin eman zioten hasiera egitasmoari.
Luis Mari Zaldua ikertzaileak gidatutako Toki izenak ingurunearen aurkibide ibilaldia izan da aurtengo edizioko lehena. 09:30ean eta 19:30ean, ikerlariaren ibilaldi gidatuan parte hartu ahal izan zuten herritarrek. Horrela, erdigunetik irten, eta, Brigitarren komentuan egin zuten lehen atsedenaldia. Bertan, ibilaldiaren hari-eramailea izan zen hizkuntza ekologia terminoaz mintzatu zitzaien euskara ikasleei. "Ekologia aldetik aberatsa den leku bat, hizkuntzaren aldetik ere aberatsa izango da", azaldu zien Zalduak.
Lehen atsedenaldiaren ostean, Zumaburu auzoko Isla plazara heldu, eta, bertako leku izenaren jatorria azaldu zuen Zalduak. Zumaburu, zumea (erdarazko mimbre) eta buru hitzek osatua izan dela aipatu zuen; "zume asko dagoen lekua" esan nahi du Zumaburuk. "Garai batean, erreka-irla bat zegoen Zumaburu plaza inguruan, eta, hortik jaso du auzoko enparantzak Isla plaza izena". Horrekin batera, Isla plaza ondoko Andapa kalearen jatorriaz ere aritu zen Zaldua. Antepara erdarazko hitzetik egokitutako hitza da Andapa, errota bat mugiarazteko egindako uharka", argitu zuen hizlariak.
Zumaburutik ibai ondoko pasealekura lekualdatu ziren ibilaldiko parte hartzaileak, eta han, herriaren izenaren jatorriaren berri eman zien Zalduak; Latx eta arte izenetatik sortu da Lasarte. Latxek erreka esan nahi du eta arte, berriz, tartetik dator; erreka tartea da, beraz, Lasarteren esanahia". Askatasunaren plazara heldu eta bertan egin zuten azken egonaldia. Ibilaldia amaitu aurretik, beste zenbait termino azaldu zituen gonbidatuak.
Datozen hitzorduak
Ekainaren 14an (10:00etan, euskaraz) eta 15ean (19:30ean, gaztelaniaz), Froilan Elespe parke botanikora egingo dituzte bisitak, Okendo plazatik abiatuta.