Lasarte-Oria eta Donostia arteko bidegorri sareak lotura du

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 2a, 14:00
Gaur goizean,Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosek eta Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Lasarte-Oria eta Donostia arteko bidegorriaren lotura inauguratu dute.

250 metroko tarte honi esker, Donostia eta Lasarte-Oria arteko bidegorria osatzen da. Bidegorri-tarte berria Urbil saltoki-gunearen inguruko bizikleten eta oinezkoen sarbideen barruan kokatzen da eta Donostiako Errekalde auzoko bizikleten eta oinezkoen pasealekua eta Lasarte-Oria udalerriaren muga arteko bidea lotzen ditu.

Marisol Garmendia diputatuaren hitzetan, "Donostia eta Lasarte-Oria arteko bizikleta-bidea amaitu izana albiste ona da bai lasarteoriatarrentzat, baita donostiarrentzat ere. Lasarte-Oriako herritarrak Urbilera erosketak egitera edo Donostiara joan ahalko dira erraztasun osoz". 

Era berean, "Departamentu honetatik mugikortasun iraunkorra sustatzen jarraitu nahi dugu, eta gipuzkoar eta bisitari guztiei gure lurraldean barrena bizikletan ibiltzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu. Hori dela eta, 2017an lanekin aurrera jarrituko dugu eta Txikierdi 2 tartea eraikiko da Lasarte-Oria, Usurbil eta Donostia batuz," azpimarratu du.

Jesus Zaballosek eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako sailak egindako lanarengatik.

"Lasarte-Oriako herritarren mugikortasuna hobetzeko lan egiten dugu. Donostiatik oso gertu gaude eta Lasarte-Oria lo-hiri ez bilakatzea nahi dugu," atxiki du.

Honetaz gain, Garmendia diputatuak aipatutako Txikierdi 2 proiektua azaldu du alkateak. "Gipuzkoako Foru Aldundia eta Usurbilgo Udalarekin batera Txikierdiko lotura egingo da. Hau Urbil saltoki-gune eta Michelin enpresa artean joango da. Txikierdiko etxeetako aldapa jaitsi eta bertatik Lasarte-Oria eta Usurbilerako adarrak egingo dira".

Era berean, EHBilduk egindako agerraldiari erantzuna eman dio, "prentsaurrekoa egin baino lehen informatu beharko lirateke. Lasarte-Oria ez da isolatua geratuko. Haiek eskatzen duten bidegorri tarteetako bat, Txikierdi 2, gaur azaldu modura, hurrengo urtean egingo baita".