Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXII. edizioa, atzera kontuan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 17a, 11:55

Urriaren 29an egingo den Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXII. edizioa prest dauka Ostadar Saiarre Kirol Taldeak. Atzo egin zuten lasterketaren aurkezpen prentsaurrekoa. Bi berrikuntza izango ditu aurtengoak; ibilbide aldaketak, eta lehenengo Roller Herrikoia.

Hitzordu garrantzitsua izan ohi da urtero, herrian, urriko azken igandean: Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia jokatu ohi da, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Urriaren 29an, XXII. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiak hartuko ditu herriko kaleak. 

Horren berri emateko egin zuten atzo iluntzean prentsaurrekoa, Okendo plazan. Ostadarreko kideekin batera, Diario Vasco egunkariko Txema Valles, eta Txintxarri Aldizkariko Iñigo Gonzalez izan ziren. Azken hauek eramango dute aurtengo kroseko 1 zenbakidun dortsala. "Lehenengo ediziotik Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren bozgorailu izan dira, lasterketaren berriak gizarteratzen lagundu dute, eta beti prest agertu dira laguntzeko. Errekonozimendu txikia da eskaini diguten laguntzaren ondoren, baina egin beharrekoa". Horrela azaldu dute lasterketaren antolatzaileek.

Krosaren berrikuntzak

Iragan urteko edizioan hogeita bost patinatzaile gonbidatu zituzten lehenengoz gurpildun oinetakoen gainean lasterketa  probatzera. "Korrikalari eta patin-lasterkarien arteko elkarbizitza posible ote zen frogatu nahi genuen, eta baietz ikusi genuenez, pasa den edizioan hartutako konpromisoa betez, lehenengo Roller lasterketa izango da aurtengoan". Horrela jakinarazi zuten agerraldian. 

Bi lasterketak antolatzeko ibilbidean aldaketak egin behar izan direla ere jakinarazi dute. Orain arteko ibilbidean "ezinezkoa" zen korrikalari eta patinatzaileen elkarbizitza, eta hori bermatzeko zenbait aldaketa egin behar izan dituzte, guztiak hasierako kilometroetan. 

Lehenengo kilometroa berdina izango da, baina aurtengo lasterketa, ez da merkataritza gunetik herrira itzuliko, Goiegi aldera joango da. Horrela, 10:30ean hasiko da norgehiagoka, baina patinatzaileak, lasterkariak baino sei minutu lehenago abituko dira, eta gurpildun aulkietako lasterkariak, berriz, bi minutu lehenago. 

Ibilbideko bigarren aldaketa, aldiz, institutuko errotondan izango da. Martin Berasategi jatetxeko aldapa ekiditeko, Sasoeta aldera sartuko dira, Sasoeta ibilbidetik eta Buruntza kaletik, Tajamarreko errotondaraino. Ondoren, Kale Nagusia hartu, eta Arkupeko errotondara joango dira parte hartzaileak, eta hortik aurrera, amaiera arte, ohiko ibilbidea jarraitu beharko da. Aldaketa hauek kontuan hartuta, 10 kilometroko distantzia osatuko dute parte hartzaileek. 

Korrika Festa

Lasterketa nagusia eta sari banaketaren ostean, 12:15etan, Korrika Festaren XVII. edizioa egingo da. Aurreko urteen antzera, aurtengoan ere parte hartzaile kopuruari ez zaio mugarik jarriko,beraz izena ematen duten lasterkari txiki guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Manuel Lekuona Kultur Etxean eman beharko dute izena, eta 5 euro ordaindu beharko dira. Trukean, kamiseta bat, domina bat, eta jogurt bat jasoko dute neska-mutilek.

Izen ematea zabalik

Dagoeneko zabalik da aurtengo krosean parte hartzeko izen emate epea, baina momentuz, internet bidez soilik egin ahal dira. Horretarako, www.ostadarskt.eus edota www.sailkapenak.com atarietan egin ahal dute interesatuek. Ostegunetik aurrera, Manuel Lekuona Kultur Etxera gerturatuta ere egin ahal izango da izen ematea. Arratsaldeko 17:00etatik 20:00etarako ordutegian, eta astelehenetik ostiralera bitarte. 

Urriaren 28an, berriz, Michelingo frontoian ere izango da horretarako aukera, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 19:30etara.  Izen emateak 12 euroko kostua du, baina 4 euroko deskontua izango dute Ostadarreko bazkideek (8 euro ordaindu beharko dituzte). 

Azken unera arte itxaroten dutenek ere izango dute izen emateko aukera. Lasterketa egunean bertan, 09:00etatik 10:00etara izena eman ahal izango da, baina hauentzat, hogei euroko kostua izango du.

Parte hartzaileek dortsalak, kamiseta teknikoak eta sariak (egokituz gero) urriaren 28 eta 29an jaso beharko dituzte, Michelingo frontoian. Larunbatean 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 19:30etarako ordutegian. Igandean, berriz, 09:00etatik 10:00etara bitartean. Horiek jaso ahal izateko egiaztagiriren bat aurkeztea beharrezkoa dela gogorarazi dute antolatzaileek: "internet bidez izena ematen dutenek NAN, ENHA edota beste agiriren bat aurkeztu beharko dute, eta kultur etxean izena ematen dutenek, berriz, bertan jasoko duten agiria erakutsi beharko dute". 

Eskertzak

Agerraldia amaitu aurretik, Ostadar SKT-k eskerrak eman nahi izan dizkie lasterketa antolatzen eta egunean bertan laguntza ematen duten guztiei, eta baita babesleei ere: Etxezarreta harategia, Avenida taberna, Frutas Ruiz fruta denda, Ventanas San Miguel, eta Lasarte-Oriako Udala.