Lasarte-Oriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak akordioa sinatu dute eta Lasarte-Oriak 16 etxebizitza utziko ditu Alokabideren esku. Era honetara, 'udal-bizigunearen' ekimenaren lehen udalerria da Jesus Zaballos alkateak eta Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde plangintza eta Etxebizitzako sailburuak azaldu dituzte hitzarmenaren nondik norakoak.
'Udal-bizigune' ekimena udalentzat erakargarria dela jakitera eman du Arriola sailburuak."Alokabide arduratuko da alderdi guztiez : esleipendunen zerrendaz eta esleitzeko prozeduraz, errentak kalkulatu eta kobratzeaz, zerbitzuen kontratazioez, gorabeherak konpontzeaz eta etxebizitzaren mantentzeaz eta kontserbazio-egoeraz".
Arriolak azpimarratu duenez, alokairu sozialeko etxebizitzen eskaera handitzen ari da. Lasarte-Orian esate baterako erroldatutako 607 pertsona daude Etxebiden inskribatuta eta horietatik, 432 alokairuko etxebizitzak eskatzen dituzte.
Herritarren beharrei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak behar dituela adierazi du eta horretarako erakundeen arteko lankidetzaren balioa azpimarratu du. Horregatik beste udalerriak gonbidatu ditu 'udal-bizigunerekin' bat egitera.
Lasarte-Oriako alkatea ere pozik agertu da akordioarekin.
Udalaren ondare diren 16 etxebizitza utziko ditu: 7 hiru logelakoak, bat bi logelakoak eta zortzi logela bakarrekoak. Agerraldian aipatu dutenez, luza daitezkeen 6 urteko lagatzea izango da.
Etxebizitza hauen esleipendun izateko Etxebiden alokairuko etxebizitzen eskatzaile izan behar da. Baina Lasarte-Oriako udalak baldintza bat ezarri du: Lasarte-Orian gutxienez hiru urtez erroldatua egotea.
Arriolak azaldu duenez: "Etxebizitza horietako urteko errentak ez du inoiz gaindituko titularraren urteko diru sarrera haztatuen %30a".
"Gure helburua ez da dirua lortzea, helburua behar duten pertsonek etxebizitza izatea da," adierazi du alkateak.
Hau guztiaz gain, etorkizunean Zabaleta-Berriko beste 14 etxebizitza ere Alokabideri lagako zaizkiola eman du jakitera Jesus Zaballosek.