Motorren burrunbek esnatu dute gaur Lasarte-Oria. 2016an irten zen tailerretik Loquillo Riders motorzale elkartea; badarama urtebete errepideetan, eta urtemuga ospatze aldera, egun osoko egitarauaz ari dira gozatzen Okendo plazan eta inguruetan. Ziztu bizian ari da igarotzen larunbata, baina festara batu direnei gasolina ugari geratzen zaie gorputzetan oraindik.
Goizeko bederatziak, puntu-puntuan. 2KN kafetegian izena emateko ordua. Kafesneak, croissant goxoak, eta...motorzaleak. Baten bat hasieran, batzuk gero, eta asko azkenean. 165 apuntatu dira, eta are pertsona gehiago animatu dira ibilaldia egitera, euren kontura. 11:00etan geratuta zeuden Andoain aldera joateko, baina ordu erdi lehenago motorrez josia zegoen Jaizkibel plaza ondoko aparkalekua. Ospakizun eguna izaki, motorzaleek ez dute segundo bakar bat galdu nahi izan eta berehala murgildu dira festa-giroan.
Esan bezala, goizeko hamaiketan hasi dira orroka berriro motorrak. Kilometro-kontagailua martxan jarri, kaskoak ongi lotu eta errepidera atera dira motorzaleak. Andoainera joan dira, eta pare bat orduko ibilbidea egin ostean, herrira itzuli dira berriro. Buelta bat eman dute, eta Mendi Cafe Rock tabernan poteatu. Talde argazkia ere atera dute bertan, giro ederrean. Okendo plazan bazkaldu, eta euren depositoak gasolinaz bete dituzte, arratsaldeko eta gaueko ekitaldiei aurre egiteko. Bien bitartean, gaztetxoenek ederki pasa dute puzgarrietan saltoka. Horiei ez zaie depositoa inoiz husten.
Motor burrunben ordez, musika
Ibilgailuen motorrak itzali ostean isiltasuna etorriko zela usteko zuen herritarren batek, baina ez da horrela izan. Festetan beti egoten da musika, giro ona, eta gaurkoa ez da izan salbuespena. Anai taldeak girotuko du Okendo arratsaldean zehar. Hori baino lehen, antolatzaileek hainbat opari zozketatuko dituzte motorzaleen artean. Afaltzeko, ogitarteko beroak jango dituzte, Roadhouse taldearen emanaldian gorputzak astintzeko gero. Musika ez da bukatuko gaueko ordu txikietara arte. Motorzaleen gasolina ere ez.