Larriki gaixo dauden presoekin elkartasuna

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 12a

Elkartasun ekitaldia egin zuten atzo, iluntzean, Okendo Plazan. Txalaparta doinuak, bertsoak, irakurketa, kanta eta dantza egin zuten bertan bildutako herritarrek.

Txalaparta doinuek eman zioten hasiera ekitaldi xumeari. Larriki gaixo dagoen  Ibon Fernandez Iradi presoaren askatasuna aldarrikatu asmoz, elkartasun jaialdia antolatu zuten atzo, herriko plazan,. Gaur egun preso gaixoek kartzelatan bizi duten egoera azaleratu zuten bertan bildutakoek. Ekitaldiaren hasieran, irakurle txokoko kideek, Ibon Fernandezen idatzi bat irakurri zieten bertaratutakoei. Aita izango zela jakin zueneko idatzi bat hain zuzen.  

Ane Labaka herriko bertsolariak hartu zuen mikrofonoa ondoren eta Iboni jarritako bertso sorta bat abestu zuen orduan, Okendon bildutakoen laguntzaz. Presondegietako egora zail eta mingarria ekarri zuten gogora bertso horiek. Horrekin batera, presoen senideek, kartzelatara egin beharreko bidaietan, errepideetan izan ohi dituzten zailtasun eta arriskuak ere agerian gelditu ziren atzo.

Xumela Kantu Taldeko lagunak ere bertan izan ziren. Beraien txanda izan zen gero. 'Kalera kalera' abestia kantatu zuten lehenengo eta 'Epo ita ita ye' abestu eta dantzatu zuten amaitzeko.

 

Ibon Fernandezi bertsoa, Ane Labakak

1.- Lurra arrats

    luze goiza,

    luzeago

    gau bakoitza

    egoera

    da zikoitza

    zilegi zait

    zure oroitza

    espetxea

    bada egoitza

    esklerosi

    anizkoitza

    espetxea

    bada egoitza

    min berbera

    da bikoitza.

 

2.- Minez bizi

    ohi gara gu

    bake nahia

    badaukagu

    dena beldur,

    dena tabu,

    nor da katu,

    nor da sagu?

    motxila bat

    daramagu

    larritzen da

    graduz gradu

    motxila bat

    daramagu

    'mendekua'

    izena du.

 

3.- Karretera

    da oihana,

    arriskua

    da porlana

    guregandik

    zuengana

    nola zaindu

    harremana?

    Beraiena

    denez zama

    aipatzea

    banarama

    beraiena

    denez zama

    senideei

    musu bana.

 

4.- Maitasuna

    da formula

    hain hauskorra,

    hain ahula,

    ez dezagun

    ahal sekula

    nahi dizugu

    hau xuxurla;

    argi izan

    dezazula

    zure ondoan

    gaituzula

    argi izan

    dezazula

    asko maite

    zaitugula.