Landaberri ikastetxeko jantokia irailerako prest

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 30a, 11:37
Uztailaren 21ean hasi zituen lanak Construcciones Moyua enpresak, eta ikasturte hasierarako bukatuta egotea aurreikusten dute. 150 haurrentzako edukiera edukiko du instalazio berriak; Garaikoetxea-Landaberri ikastetxearen alboan ari dira eraikitzen 260 metro koadroko instalazioa.

Landaberriko Haur zein Lehen Hezkuntzako gaztetxoek jantoki berrian egingo dituzte otorduak irailetik aurrera. Garaikoetxea-Landaberri eraikinaren alboan egongo da kokatuta instalazioa, zurezkoa eta erabilera anitzekoa izango dena. Eraikinaren azalera osoak 260 metro koadro edukiko ditu eta 150 pertsonentzako edukiera.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak Lasarte-Oriako hezkuntza komunitatearekin elkarlanean burutu du proiektu hau. Uztailaren 2an Construcciones Moyua S.L.-ri esleitu zizkion lanak; hilaren 21ean hasi zituen obrak enpresak. 295.369,53 euro bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak proiektu hori gauzatze aldera. 

Jantokiaren ezaugarriak

"Modernoa eta erabilera anitzekoa" izango da jantoki berria, egurrez eginikoa. Solairu bakarrekoa izango da. Bertan 150 pertsonentzako jantoki bat eraikiko dute, 160 metro koadrokoa. Horrez gain, sukalondoa ere eraikiko dute (janariak gordetzeko gela batekin eta hondakinentzako beste batekin), ikasleentzako komunak eta baita jantokiko langileentzako beste batzuk ere (aldagelak ere edukiko dituzte). 

Ikastetxeetatik gertu

Azken hamarkadetan Lasarte-Oriako Udalak kudeatu izan du jangela zerbitzua, 2013an Landaberri ikastetxeak ardura hori bere gain hartu arte. Jangela zentroetatik urrun zegoen ordea. Egoera horren aurrean, ikastetxeko zuzendaritzak, gurasoek, aurreko Udalbatzak eta Eusko Jaurlaritzak lehenetsi zuten eskolan bertan kokatutako jantoki bat eraikitzea, "eskaera guztiei erantzuteko espazioa" izango zuena, Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez. 

Aurreko Udalbatzak proiektua erredaktatu zuen eta zimenduak ere jarri zituen. Jantoki berriaren formatua eta kokapena berriz, arestian aipatutako eragile guzti horiek adostu zituzten. Horren ostean, Jaurlaritzak lehentasunezko egitasmo izendatu zuen, ikasturte hasierarako dena prest egon dadin.