Landaberri Ikastola abiapuntu, Gipuzkoa osora zabaltzeko

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko mai. 6a, 19:40
Ehundik gora pertsonak hartu dute parte Hitzartu ekimenak antolatutako Gune Irekian. Hondakinen kudeaketa izan dute hizpide, Zubietako erraustegiaren obretatik 500 metro eskasera dagoen Landaberri ikastolan. Hainbat gairen inguruan hausnartu dute, ideia argi batekin: ez da beranduegi hondakinen kudeaketari buruz libre eta lasai hitz egiteko

Aitzindari diren ekintza eta proiektuen inguruan beti sor daitezke zalantzak: animatuko al da jendea? Erantzungo ote diote herritarrek hondakinen kudeaketari buruz era lasai eta aktiboan hausnartzeko deiari? Hitzartu ekimenaren sustatzaileak egon daitezke lasai: bikain erantzun dute Lasarte-Oria, Zubieta, Usurbil eta inguruko herrietako biztanleek, eta Landaberri ikastolako gimnasioa bete dute. Gure bizitzaren kontrolaren bila: nola lortu informatzeko, eztabaidatzeko eta parte hartzeko eskubidea bermatzea? lelopean, hondakinen kudeaketaren gaiari buruz hausnartu dute Gune Irekian parte hartu duten ehundik gora pertsonek. "Parte-hartzaileen jarrera oso aktiboa izan da; nabaritzen da gai honi buruz hitz egiteko duten gogoa", nabarmendu dute antolatzaileek. Gipuzkoan lehenengo aldiz egin da horrelako egitasmo bat. Landaberri Ikastola hartu dute abiapuntu, Gipuzkoa osora zabaltzeko gero.

Goizean goiz hasi dira antolatzaileak dena prestatzen. 10:30ean egin diete harrera Lasarte-Oriako eta inguruko herritarrei. Agenda prestatzeari ekin diote gero, denek batera. Ideien merkatu moduko bat egin dute, buruan zeuzkaten ideia eta galderak paperera eramanez: "Nola ulertarazi gizarteari hondakinen arazoa guk sortzen dugula, eta guk eman behar diogula irtenbidea?", "Nola landu hondakinen gaia, hezkuntzatik?" edota "Politikariek zergatik ez dituzte entzuten gure ardurak eta kexak?" izan dira planteatutako galderak, besteak beste. Galdera eta gai horiek hartu dituzte eztabaidagaitzat, eta hainbat taldetan banatu dira, lasai eta gustura hausnartzeko: Igeldo, Andatza, Lasarte, Zubieta, Santuenea, Oria, Usurbil eta Buruntza. Helduak izan dira gehiengoa, baina haurrek ere osatu dute eztabaida talde bat; hitz egindakoak paperean jaso, eta gimnasioko paretetako batean eskegi dute gero. Gauza bera egin dute gainontzeko taldeek ere. Bien bitartean, Bea Egizabal eta Cesar Marcos ipuin kontalariekin primeran pasa dute etxeko txikienek. Anfiteatrora hurbiltzean, paella usain goxoa frontoitik: goiz osoan zehar hitz egiten egon eta gero, frontoian berritu dituzte indarrak parte-hartzaileek, giro ederrean.

Etorkizunera begira

Eztabaida eta gogoetek arratsaldean segitu dute, ia bostak arte. Egun osoan zehar hitz egindakoak aktetan jaso dituzte antolatzaileek. Jakinarazi dute datozen egunetan e-postaz bidaliko dizkietela parte-hartzaile guztiei. Etorkizunean egin daitezkeen ekimenei buruz ere hitz egin dute, eta proposamen ugari jaso dituzte; 40 inguru. Ekitaldia biribiltze aldera, bukaerako festa ospatu dute guztiek, gimnasioan bertan. Musika eta dantza izan dira protagonistak. Hori baino lehen, Landaberri Ikastolako irakasleetako batek hartu du hitza; eskerrak eman dizkie sustatzaileei, Gune Irekia bertan egiteagatik. Ikastolak balio sinbolikoa dauka, erraustegia egiteko lanak 500 metro eskasera baitaude kokatuta. 

Gune Irekia baloratu dute Hitzartuko kideek. "Gauza asko ikasi ditugu gaur, herritarren arteko komunikazio ariketa paregabea izan da. Parte hartu duten gehienak are ilusionatuago atera dira, eta lan egiteko gogo askorekin. Ideia bat geratu zaigu argi: ez da beranduegi gai honi heltzeko". Maiatzaren 14an, astelehenarekin, bilera bat egingo dute Manuel Lekuona kultur etxean, 18:00etan. Gune Irekiaren balorazioak jaso nahi dituzte. Era berean, datozen asteetan balorazio publiko bat egingo dute, esperientzia honetatik ateratako ondorioekin eta jaso dituzten ideia guztiekin.