Lagunartean euskaraz aritzeko 'Solaskide' saioa hastear da

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 22a, 17:00
Mingaina askatu eta programan parte hartu nahi dutenek urriaren amaiera arte izena eman ahal izango dute

Euskaraz aritzeko ohitura dutenak ohiturarik ez dutenekin elkartu eta hizkuntzan trebatzeko programa da Solaskide. "Euskaldun askok hizkuntzaren normalizazio prozesuari beren ekarpena egin nahi diote", azaldu du Naiara Mujika egitasmoaren antolatzaileak. "Euskaldun zaharrak ezinbesteko dira egitasmoan, zailtasunak dituzten hizlariei elkarrizketaren bitartez asko laguntzen baitiete euskaraz egiten", gaineratu du Ttakuneko Kultura arduradunak.

Urte asko dira Ttakun Kultur Elkarteak euskaraz trebatzeko egitasmoa antolatzen duela, eta aurtengoan ere ez du hutsik egingo.
Solaskide programan bost edo sei laguneko taldeetan biltzen dira parte hartzaileak, astean ordubetez, eta eurek erabakitzen duten lekuan. Kideen zaletasunak, adina eta ordutegiak kontuan hartuta egin ohi dira taldeak, eta horren arabera, kafetegian, parkean zein eurek adostutako lekuan egin ditzakete solasaldiak. "Euskaraz hitz egitearekin batera, gustuko dituzten ekintzak egiten dituzte elkarrekin. Lagunartean aritzen dira, giro hurbil eta parte hartzailean", esan du Mujikak.

Solaskide programaren bidez Lasarte-Oriako euskaldunen sarean murgiltzen dira, lagunak egiten dituzte, eta euskaraz mintzatzeko erraztasuna eta jariotasuna eskuratzen dituzte parte hartzaileek.

Ekintza gehigarriak

Asteroko hitzorduez gain, hilabetean behin mintza praktika ere egiten dut kideek, elkar ezagutzeko. Gainera, harremanak estutzeko ekintza osagarriak antolatzen dira. 

Ikastaroak, bazkari zein afariak, arratsalde pasak, eta asteburuetako planak egin ohi dira. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, hautazkoa izango da horietan parte hartzea. 

Bi modutan eman ahal izango da izena programan: kultura@ttakun.eus e-posta helbidera mezu bat idatzita, edo eta 695 785 389 telefono zenbakira deituta.