'La Basu'-ren rap erritmora mugitu da Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 29a, 03:53
Zikiro afariarekin eman diote hasiera gauari lasarteoriatarrek. Danborrada ere ibili da herriko kaleetan barrena, eta Isla plazan dantzaldia izan da

Urtero lez, zikiro afaria antolatu du Ttakun Kultur Elkarteak aurtengo sanpedroetan ere. Euriak etenaldia eman du, eta errespetatu du afarirako tartea. 21:30erako zegoen hitzordua jarria, eta ordurako mahaietan eserita zeuden hainbat kuadrillatako lagunak. Laguntzaileek ere lan fina egin dute, eta dena prest zuten ordurako. Guztira 150 pertsonek parte hartu dute Okendo plazan egindako afarian.

Afaltzen bukatzerako danbor eta barril jotzailez bete da plazan. Bertan izan dira baita ere kantinera eta gastadoreak ere. Lasarte-Oriako danborradako kideek gogor astindu dituzte danbor eta barrilak, eta zenbait pieza Okendo jo ostean, herrian barrena ibili dira. Ekitaldiari omenaldi hunkigarri batekin eman diote hasiera; danborradan hogeita hamar urte bete dituzten bi kideri oroigarri bana eman diete.

La Basuren erritmora dantzan

Rap emanaldi bikaina eskaini du abeslari bilbotarrak. Aldarrikapenerako tartea zabaldu, eta ederki gozatu dute Okendo bildutako ikus-entzuleek. "Lasarte-Oriako emakume gerlariak" ere igo dira agertokira, eta ozen salatu dute musikaren mundua oraindik gizonena dela. Hau iraultzeko borrokan jarraituko dute, euren momentua "orain" dela gogoraraziz.

Isla plazan Duo Imperial taldearen eskutik dantzan aritzeko aukera izan dute, eta herritar ugari aritu dira elkarrekin dantzan.

Ikusi gaueko ekintzekin osatu dugu argazki galeria eta bideoteka