Kultura politiko sendo bat eraiki nahi du Foru Aldundiak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 13a, 11:00
'Gipuzkoarron Kultura Politikoa, 2017' txostena aurkeztuko dute martxoaren 14an, astelehenean

Gipuzkoako Foru Aldundiako Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaritzak gipuzkoarren kultura politikoari buruzko ikerketa egin zuen 2017. urtean.

Foru Aldundiak abenduan eman zituen jakitera Gipuzkoarron Kultura Politikoa, 2017 txostenaren datuak. Orain,  ordea, aldundiko ordezkariak herriz herri joango dira emaitzak tokiko hautetsiei, talde politikoei, garapen agentziei eta  komunikabideei aurkezteko.

Era berean, kultura politiko demokratikoa garatzeko iradokizunak, iritziak eta hausnarketak jasoko dituzte.

Hurrengo astelehenean, maiatzaren 14an, Lasarte-Orian izango da ekimena. Hitzordua, arratsaldeko 18:00etan Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. 

Bertan izango da Markel Olano ahaldun nagusia datuak azaltzen, baita Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballos ere.

Ikerketako datuak

2017 urteko ekain eta uztailean, Gipuzkoako gizarteak politikarekiko duen harremana, gizarterekiko eta politikarienganako duen konfiantza maila eta eredu demokratikoari buruzko iritzia azertu zuen Foru Aldundiak, Aztiker Soziologia Ikerguneren bitartez. Guztira 1.496 gipuzkoarrei elkarrizketa egin  die. 16 urte gorako herritarrak aukeratu dira eta eskualdeen arteko banaketa orekatua bermatu da.
Emaitzei dagokionez, politikagintzarekiko desatxikimendua agertzen dute gipuzkoarrek. Baina politikan interesa izan eta honek haien bizitzan eragiten duela onartu dute askok. Soilik galdetutakoen %15ak agertzen du erabateko interes falta gaiarekiko. 

Gai sozial eta politikoei buruzko ardurak bat egiten du inkestatuek demokrazian sakontzeko erakutsi duten nahiarekin, gainera. Partaidetza handiago eskatzen dute. Hain zuzen, aldundiaren aburuz hori izan daiteke politikarekiko uste negatiboa aldatzeko gakoetako bat.

Funtzionamendu demokratikoari buruzko iritziaz ere galdetu zaie, eta emaitza esanguratsuak utzi ditu ikerlanak. Orokorrean, Euskadikoaz galdetzerakoan asebetetasun maila, Espainiakoarekin koparatuta, askoz ere altuagoa da. Gehiengoa aldiz, Espainiakoarekin ez dago konforme eta hamar pertsonatik zazpi oso kritikoak dira Espainiako demokraziarekin.

Azkenik, galdetegian erabakitzeko eskubideari eta Euskal Estatuari buruzko galderak ere egin dira. Hala, lautik hiru (%74,8) kontsultaren alde agertu dira, eta %48,6k dio Euskal Estatuaren aldeko botoa emango lukeela.