Lasarte-Oriako kultura eta Hezkuntza arloko diru-laguntzen oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira eta eskaerak aurkezteko 10 eguneko epea dute elkarte interesatuek.
Kulturaren sustapenerako eta zabalkunderako programetarako 9.190 euro banatuko dira, eta 9.627 euro eskola-orduz kanpoko eta/edo izaera osagarriko jarduera hezigarrietarako.
Kultura saileko diru-laguntzen onuradun izan daitezke Lasarte-Orian interes orokorreko jarduerak garatzen dituzten elkarteak edo izaera juridikorik gabeko beste erakunde batzuk ere. Eskola-orduz kanpoko jardueren kasuan onuradun izan daitezke, eskola-orduz kanpoko eta gurasoen formaziorako interes orokorreko jarduerak garatzen dituzten Lasarte-Oriako eskoletako gurasoen elkarteak.
Lasarte-Oriako Udalak elkarteek aurkeztutako proiektuen artean banatuko ditu diru-laguntzak, betiere deialdi horietako baldintzak betetzen badituzte.
Eskaerak Lasarte-Oriako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira.
Laguntza hauei buruzko xehetasunak, hala nola, balorazio-irizpideak eta laguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak Lasarte-Oriako udaleko webgunean aurki daitezke.