Kultur asteburua aurretik

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko urr. 13a, 15:19
Kultur Astea ari da ospatzen Semblante Andaluz egunotan. Ohi bezala, hamaika ekintzarekin osatu du egitaraua elkarteak, gogoz eta ilusioz. Jose Perez lehendakariarekin ere ari dira gogoratzen; ospitalean dago, buruko isuri batez osatzen

Asteburuaren atarian da Semblante Andaluzen Kultur Astea. Asteartean ekin zioten, ohorezko ardoarekin, baina ekintza gehienak gaurtik igandera bitartean egingo dituzte. Dantza, musika, irribarreak eta jaki goxoak ez dira faltako. Bai, ordea, Jose Perez lehendakaria: buruko isuri bat izan zuen duela aste pare bat, eta ospitalean dago oraindik, osatzen. Fisikoki ez dago Okendo plazan presente, baina bai bere lagun eta elkarteko kideen buru, bihotz eta ahotan: atzoko ekitaldietan behin baino gehiagotan eskaini zizkioten maitasun hitzak. Horrez gain, 59 urte bete zituen, eta Semblante Rociero taldeak zorion abesti hunkigarri bat taularatu zuen.

Semblante Rocieroren emanaldia baino lehen, hainbat talde igo ziren Okendoko taula gainera; orotariko koreografiak oholtzaratu zituzten. Gaztetxo zein heldu, guztiak aritu ziren gustura. Ekitaldi horiek baino lehen, mus eta tute txapelketetako finalak jokatu zituzten. Goizean, berriz, haurrek ederki pasa zuten puzgarrietan, eta helduxeagoek botean.

Gaur goizeko egitaraua antzekoa izan da: puzgarriak haurrentzat eta bote lehiaketa helduentzat. Horrez gain, hainbat neska-mutil apain-apain joan dira etxera; elkarteko kideek aurpegiak margotu dizkiete. Arratsalderako berriz, emanaldiok daude aurreikusita: zazpietan, Errenteriatik etorritako 'Furius' taldeak girotuko du plaza. Ordubete beranduago hasiko da dantzaldi herrikoia.

Argazki galeria