Urtero bezala, sanpedroetako ekitaldi berezienetakoa izan da bertso saioa. Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Unai Muñoa eta Julio Soto izan dira aurtengo partaideak. Manuel Lekuona kultur etxera bertaratutako ikusleek ederki gozatu dute sei bertsolariek egindako lanarekin. Uxue Loinaz gai jartzaileak mota askotako gaiak proposatu dizkie. Besteak beste, Sotok bere bertsokideen parrandako jarrera deskribatu behar izan du eta Labaka, Lujanbio eta Egaña egiten hasi berri diren Zubietako errauskailuko langileen rolean jarri ditu.
Dena den, gaueko momenturik unkigarriena saioaren amaieran etorri da. Izan ere, mende erdi inguruan bertso saioan hutsik egin ez duen Patxi Etxeberria omendu dute. Bertso Eskolako ikasleek bi bertso kantatu dizkiote eta lore sorta jaso du bertsolarien partetik. Gerturatutako herritarrek Etxeberria azken aldiz abesten ikusteko irrikaz zeuden eta kantari beteranoak ez zuen hutsik egin. Esker oneko hitzak izan zituen agurreko lau bertsoetan.
Bitartean, Okendo plazan bertsio gaua egin zuten Sorgin Jaien egitarauaren barnean. Herriko musikariek talde ezagunen kantak interpretatu zituzten taula gainean. Hala nola, Iron Maiden, ACDC, La Polla Records edota RIP bezalako talde handien doinuekin gozatu zuten herritarrek. Gorputza astintzea nahiago zutenek Jaizkibel plazara gerturatu ziren. Bertan, Azabache taldeak kanta zahar eta berriekin jarri zituen dantzan gerturatutakoak.
Amaitzeko, herritar askok abesteko dohain izugarriak dituztela erakutsi zuten Okendo plazan egindako karaokean.
Ikusi hemen gaueko ekintzen argazki galeriak, bertso saioarena alde batetik eta musika ekintzena bestetik