Kukai dantza taldeak 'Oskara' ikuskizuna taularatuko du, Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 27a, 18:58
Apirileko kultur agenda aurkeztu du udalak, eta estilo guztietako ekimenak izango dira hilabeteaz gozatzeko. Dantza, musika emanaldiak eta zinema eta hitzaldiak izango dira, besteak beste.

Zaku bete ekitaldi izango ditu apirilak Lasarte-Orian; askotariko kultur ekintzak antolatu dituzte.  Dantza, musika, hitzaldiak eta zinema izango dira hilabete osoan. 

Musikaren VI. Astea apirilaren 11an hasiko da eta hilabete amaierara bitarte iraungo du. Danok Kide guraso elkarteak antolatuta, opera-zikloaren barruan Georges Bizet-en Carmen opera emango dute, digitalean. Hitzordua 19:00etan izango da eta 7.5 euro ordaindu beharko dira aldez aurretik eta 9 euro egunean bertan. Hilaren 13an, berriz, Brigitarren komentuan, harizko eta haizezko The Ludwig Vans taldeak musika klasikoko programa bat eskainiko du, iluntzeko 19:30ean. Entzun ahal izango diren doinuen artean ezagunen artean, Septimino ospetsua izango da. Hilaren 14an, Musikaren VI. Asteari amaiera emateko, Jacinto Guerreroren La Rosa del Azafrán zarzuela emango da. Azken hau, Sasibil elkarte lirikoak antzeztuko du, Joxean Garciaren zuzendaritzapean. 19:30ean izango da emanaldia eta 12 euro ordaindu beharko dira.

Apirilaren 21ean, Kukai Dantza konpainiak Oskara ikuskizuna taularatuko du. Jon Maya zuzendariaren eta Marcos Morau eszena zuzendariaren lanak, euskal kulturako paisaia batzuk azaleratzen ditu. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 5.50 euroko sarrera ordaindu beharko dute ikusentzuleek eta 20:00etan izango da emanaldia. Sari garrantzitsuak eskuratu ditu Oskarak; besteak beste, hiru Max sari, iragan urtean.

Dantza emanaldi gehiago

Dantza emanaldi gehiago ere izango dira apirilean. Hilaren 22an Erketz Dantza Taldeak erromeria eskainiko du, eguerdian. 50. urteurreneko egitarauaren baitan antolatu dute ekintza. Apirilaren 27an, Dantzaren Nazioarteko Eguna izanik, Okendo plazan dantza-ikuskizun batez gozatzeko aukera izango da, Kukuka Dantza eta Antzerki taldearen eskutik.

Antzerki emanaldiak

Arte eszenikoen barruan, Danok Kidek antolatuta antzerki lan bat ikusteko aukera izango da hilaren 20an.  Nagusilan teatro amateurreko taldeak, Una boda en Yalta komedia eskainiko du 19:30ean.  Horrekin batera, hilaren 16an, 17an eta 18an baloreetan oinarritutako heziketa ardatz hartuta, hiru hitzaldi eskainiko dituzte kultur etxeko hitzaldi aretoan (19:00etan).

Aterpeak antolatuta, jardunaldia

Osasunaren inguruko bigarren jardunaldia antolatu du, apirilaren 23an, Lasarte-Oriako merkatarien elkarteak.

Haurrentzako eta helduentzako zinema

Haurrentzako zinemaren barruan, Oin handiaren semea filma eskainiko da apirilaren 8an. Hilaren 15ean La familia feliz, 22an Harpetarra, eta 29an Boonie Bears y el gran secreto. Denek hala denek 3.80 euroko kostua izango dute eta 17:00etan emango dira.

Helduentzako zinemak, berriz, apirilaren 8an La forma del agua eskainiko du, 15ean Sin rodeos, 22an El viaje de sus vidas eta 30ean Gorrión rojo. Hauen prezioa 5.50 eurokoa izango da eta 19:30ean izango da hitzordua.

Okendo zine-forumak ere eskaintza dakar apirilerako. Hilaren 6rako The Florida Project proposatu du jatorrizko bertsioan, eta 20an The Party. 22:00etan emango dira filmak, eta 5.50 euro ordaindu beharko dira.