Kudeaketa gastuetan murrizketa

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 5a, 18:46
Pablo Barrio alkateak eta Nerea Sanchez alkateordeak agerraldia egin dute EH Bilduren gobernuak Udalaren kudeaketan dirua aurrezteko hartutako hainbat neurriren inguruan azalpenak emateko. Hauen hitzetan “arduraz jokatu eta gehiegikeriak desagerrarazi” dituzte bukatzear den agintaldi honetan.

EH Bilduk gobernua hartu zuenean, helburu garbi bat zuela aipatu dute alkateak eta Nerea Sanchez alkateordeak eguerdian egindako agerraldian; “Lasarte-Oriako Udalaren kudeaketa arduratsu bat egitea, iraganeko diru-xahuketak berriro ez errepikatzeko”.

Lau urteren ondoren, “gardentasunez jokatzeko” eta balantzea egiteko ordua dela aipatu dute. Azaldu dutenez, “kudeaketan egindako aldaketari esker, lau urteotan guztira 1.000.000 euro baino gehiago aurreztu dira politikarien soldatetan, telefono deietan, alkatetzako protokoloetan, dietetan eta publizitateko gastuetan”.

Politikariak langile-klasean kokatu nahi izan dituztela aipatu dute, “lan-baldintza duinak bermatzen saiatu gara, eta herritarrekin eskubideen berdintasunean oinarrituriko harremanak izan dira gure lan-tresna. Modu horretan, opari, mesede edo jokaera pertsonalistak albo batera utzi ditugu, eta Udala guztiona egiten saiatu gara”.

Hasi eta berehala “politikarien gehiegizko soldatak jaistea eta aholkularien kopurua murriztea erabaki genuen. 2010ean alkateak 72.292 euro jasotzen zituen urtean, eta guztira PSEko sei zinegotzien eta bost aholkularien soldaten batura 495.723 eurokoa zen. Gobernu berriak, alkateari 40.160 euro eta guztira politikari eta aholkulariei 282.864 euro ordaindu dizkie. Diferentzia, 212.859 eurokoa izan da urtean, % 43. Sanchez eta Barriosen esanetan, telefono-gastuek zeresan ugari eman dute, “aurreko agintaldian, bataz beste 13.882 euro gastatzen ziren urtean, eta gaur egun 2.328 euro, % 84 gutxiago. Gainera, eguneroko kudeaketa hutserako erabiltzen den tresna moduan ulertuta, 2006ko gastuak 24.249 eurokoak izatea harrigarria iruditzen zaigu, eta etorkizunean arazorik sor ez dadin kontu ematea beharrezko ikusten dugu”.

Dietak %80 murriztu
Udal-gobernuak “egin ohi ziren alkatetzako publizitate-gastuak gehiegizkotzat jo genituen, eta ondorioz murriztu ziren”. 2003. urtetik 2010. urtera bataz beste urtean 35.022 euro gastatu ziren agerraldian azaldu zenez, eta agintaldi honetan, 8.060 euro gastatu dira. “Ia bost aldiz gutxiago erabili da beharrezko jakinarazpenak eta publizitatea egiteko”. 2008an ia 60.000 euro gastatu zirela azpimarratu nahi izan zuten, “egungo gobernua ez da urtean 10.000 euro gastatzera iritsi”.

“Alkatetzako protokolo eta dietek hainbat gastu ulergaitz bildu izan dituzte historikoki. 2003-2010 urteen arteko bataz bestekoarekin alderatuta, %80 batean murriztu dira gastu horiek azken agintaldian. Orduan 25.792 euro gastatzen ziren eta gaur egun 5.275 euro. Gainera, zenbait urtetan gastuak oso altuak izan dira. Adibidez, 2006an 42.050 euro gastatu ziren eta gure ustetan kopuru hori ez da beharrezkoa”.

Guzti hauek azalduta, udal-gobernuak agintaldiaren balorazio positiboa egiten duela esan dute.  Laburbilduz, Sanchezek esan du gastuak kontrolatu egin dituztela, eta beharrezko murrizketak egin direla gehiegikeriarik ez egoteko. "Kudeaketa-eredua hobetu dugu, eta herritarrekin datu guztiak partekatu nahi ditugu, gardentasun osoz, etorkizunean aldatuko ez den oinarri bat eta lan egiteko eredu bat ezartzeko helburuarekin”.