Eliza ebangelikoko eta kristauko kideak batu ditu Lampedusako gurutzearen etorrerak. Italiako uharte horretan hainbat itsasontzi hondoratu dira; etorkizun hobe baten esperantzarekin, hainbat pertsona iritsi dira Europara barku horietan. Tamalez, bizia galdu dute horietako askok. Euren oroimenez, zenbait txalupetako egurra hartu, eta ia hiru metroko gurutze bat egin zuten 2013an. Mundu osoa ari da zeharkatzen, "bake eta elkartasun" mezu bat zabaltze aldera. Lasarte-Orian egon da asteburuan.
Ostiral iluntzean iritsi zen gurutzea herrira, baina ekitaldi nagusiak larunbatean zehar egin zituzten. Lehenik eta behin, Brigitarren komentutik atera eta Arantzazuko Ama parrokiara joan ziren, gurutzea besoetan hartuta. Hainbat herritar ere animatu ziren bidea egitera. Behin elizan, korronte desberdinetako kideek elkarrekin egin zuten otoi. Felix Garitano parrokoak gidatu zuen meza. Ondoren, ordubatean, 'Isilune Zirkulua' egin zuten Okendo plazan. Erketz EDTko kideek dantzatu zuten agurra. Ondoren, arratsaldera arte, San Pedro elizan egon zen ikusgai gurutzea.