Korrikaren 20. edizioa iristear da Lasarte-Oriara

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 10a, 11:30
Martxoaren 17an aurkeztuko da Korrika Manuel Lekuona Kultur Etxean eta honekin batera hainbat ekintza izango dira gurean apirilaren 4a iritsi bitartean, egun horretan Donostiatik sartuko da Korrika gurean, gaueko 22:40ean

Apirilaren 4ean etorriko da Donostiatik Korrika gurera. Azken urteetan ez bezala, gauez pasako da herritik 22:41ak inguru antolakuntzak jakitera eman duenez. Egun horretan euskaltzaleek ziur ez dute hutsik egingo, baina aurrez, Korrika nabaritu egingo da gurean ere.

Korrikaren bueltan urteak dira herriko hainbat eragilek elkarlanean, ekintza egitaraua prestatzen dela. Horrela izanda, aurtengoan ere izango da aukera, hainbat ekitaldiez gozatzeko.
Lehenengo hitzordua datorren ostiralekoa izango da. Hilaren 17an modu ofizialean aurkeztuko da Korrikaren 20. edizioa. Honakoa Manuel Lekuonan egingo da 19:00etan eta honetan besteak beste, kilometroa erosi duten eragileek euren petoak jasoko dituzte.

Bertso korrikak ez du hutsik egingo eta martxoaren 19an, igandean, saioa izango da Furia Beltza tabernan. Bertsotan ariko dira Miren Artetxe, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Ane Labaka, gai jartzaile lanetan Amaia Agirre jardungo da, eta musikari Ixak Arruti eta Gari Otamendi izango dituzte lagun. 

Korrika txikia
Martxoaren 31n txiki eta gazteek Korrika Txikian parte hartuko dute herrian zehar ibilbidea eginez 11:15ean hasita eta Andatza plazan bukatuta.

Arratsaldean berriz, 19:00tan Manuel Lekuonan pasa berri den Euskararen 9. Maratoiaren bideo laburpenaz gozatu ahal izango da. Honetara sarrera doan izango da eta bertan dokumentala salgai jarriko da jai honen oroigarria etxera eraman nahi duten herritarrentzat. Dokumentala girotuko dute zortzikoteko kideek.

Egunari amaiera borobila emateko berriz, ‘Gutik Zura’ dokumentala ikusi ahal izango da Okendo Zinema taldearen zineforum saioaren baitan 22:00etan.

Korrika Festa
Apirilaren 1ean, larunbata izanda, Korrikaren festa handia egingo da gurean. Honetan kantu jira, herri bazkaria, haurrentzako jolasak, erromeria eta kontzertuak izango dira egun osoan zehar iragarri denez,. Egun honetan bertan, 20:00etan Manuel Lekuonan, Ane Labaka eta Bea Egizabal herritarren ‘Erradikalak gara’ ikuskizunaz gozatu ahal izango da.

Apirilaren 4ean berriz, astearte gauean jasoko dugu Korrika gurean. Donostiatik 22:40ean iritsiko da Errekaldetik eta aurreko edizioan egin zen ibilbidea osatuko da herriko kaleetatik barrena.

Pailazoek apirilaren 8an egingo duten 'Tipi-Tapa Korrika' ikuskizuna Korrikaren egitarauaren baitan txertatu du Irakurle Txokoak