Korrika kulturala bertsoen eta antzerkiaren inguruan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 15a, 18:02
Asteburuak iraun bitartean bertsoa eta antzerkia izan ziren protagonistak Korrika kulturalaren baitan. Ostiraleko ber-tso saioan AEKko ikasleek jarri zizkieten gaiak Labaka, Azpiroz eta Mendizabal bertsolariei. Larunbateko bertso afari literarioan berriz, Uxue Alberdik, Igor Elortzak eta Ane Labakak berak egin zuten bertsotan, Harkaitz Cano herriko idazlea gai-jartzaile zutela. 'Zu Gabe' antzezlana ere eskaini zuten Manuel Lekuonan.

Asteburuko nobedade nagusia larunbat gauean Harkaitz Canok, Ane Labakak, Igor Elortzak eta Uxue Alberdik eskaini zuten saioa izan zen.

Denera 70 lagun bildu ziren Xirimirin 'Denboraren makina' gai nagusitzat hartuz, lau artistek eman zuten bertso-afari literarioaren ikuskizun eder eta konplexuaz gozatzeko. 

Larunbatean ekintza gehiago
Datorren larunbatean mendi irteera egingo dute Ostadarrek antolatuta, herriko inguruetako parajeak bisitatu eta pasarteak kontatuko dituzte. 

Arratsaldean berriz, Kukukaren eskutik kale-an-tzerkia izango dute gozagarri lasarteoriatarrek eta ostean triki poteoa ere bai, Okendon gauean izango diren kontzertuen aurretik.

Bazkarirako txartelak
Igandean Korrika igaro ostean egingo den herri bazkarirako txartelak salgai daude Muntteri euskaltegian, Ilargin eta Jalgin. Herriko Buruntzazpi, Lasartearra, Intza eta Xirimiri elkarteetako kideek prestatuko dute menua. Umeentzat makarroiak eta haragi-bolak tomatearekin 5 eurotan eta helduentzat babarrun jana 12 euroko prezioan, “sakramentu” guztiekin.

Korrika Txikia asteazkenean: Euskararen alde korrika egiten lehenengoak Lasarte-Oriako ikastetxeetako haur eta gaztetxoak izango ditugu. Korrika 19-ri hasiera eman baino egun bat lehenago, asteazkenean, Korrika Txikia izango baita gure kaleetan barrena. Sasoeta-Zumaburu eta Landaberriko ikasleak asteazkenean 11:15ean, Zumaburuko elizan hasi eta Okendon amaituko dute ibilbidea. Ehunka ume eta gaztetxok burutuko dute ibilbide osoa. Korrika Txikiaren lehenengo zatia Zumaburu-Sasoetako ikasleek egingo dute. Txikienek Zumaburu elizan hasi eta Kale Nagusi eta Beko kale arteko errotondan LH-ko gaztetxoek hartuko dute lekukoa. Hauek Atsobakar erresidentzia ondoko errotondaraino egingo dute bidea, Kalbario bidea,  Sasoeta Ibilbidea, Buruntza kalea eta Donostia Etorbidean lasterka egin ostean. Orduan, Landaberri-Garaikoetxeako lagunen txanda izango da. Atsobakar Etorbidea jaitsi eta igo ostean, Donostia Etorbidea hartu eta Landaberri BHI parean, DBHko gazteei emango diete testigua. Hauek Pablo Mutiozabal, Pintore Kalea, Iñigo de Loyola, Geltoki kalea, Hipodromo Etorbidea eta Uistin kaleko sarreraino egingo dute Korrika. Ibilbideko azken zatia, Uistin kalea, Blas de Lezo, Geltoki kalea Okendoraino, LHko gazteen esku izango da. Okendo plazara iritsi eta jaialdi txiki bat izango da. Ttirriki-Ttarrakako ikasleek erromeria eskainiko dute eta dantza egiteko aukera izango dute bertan bildutako haur eta helduek.