"Bizitza komunikazioa da". Paula Kasares filologo eta antropologoak familian komunikazioak duen garrantziari buruz ikertu du, eta arreta berezia jarri du jaioberriengan. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta, Komunikazioa eta Haurren Zoriontasuna hitzaldia emango du datorren asteartean, 17:00etan, Antonio Mercero gunean. Helburua lau eta zazpi hilabete bitarteko gurasoei haurren komunikazio beharraz eta gogoaz informatzea da. "Hasieratik komunikazioa erraztea, piztea eta laguntzea oso onuragarria da haurrarentzat. Komunikazioari begiratzea haurraren zoriontasunari begiratzea da", esan dio Kasaresek txintxarri-ri.
Zer nolako komunikazio beharrak ditu umeak? Nola susta daiteke komunikazioa? Zein momentutan dago hizkuntza prozesuan? Nola lagun diezaiokegu hizkuntza edo hizkuntzak ikasten? Galdera horiek guztiak erantzungo ditu Kasaresek.
Komunikazioa gizakiari lotuta dagoen ezaugarria denez, jaiotzetik bertatik komunikatzen da haurra. Are gehiago: "Amaren sabelean bertan hasten da prozesua, hizkuntzaren doinuekin ohitzen baita. Jaiotzen denean emozioek pizten dute komunikazioa. Gurasoek keinu horiek interpretatu behar dituzte behar horiez jabetzeko". Hasieran hitzik gabeko komunikazioa da. Gurasoek badute zeregina une horietan: "Komunikatzeko gogoari erantzun egokia eman behar zaio. Horretarako egokiak dira elkarrizketa xumeak edo abestiak".
Halere, hizketan hasi arte bide luzea egiten du haurrak. Horretan ere bidelagun izan behar dute gurasoek. "Jarrera proaktiboa izan behar dute. Aukera guztietan haurrarekin solastatu eta mintzarazi egin behar zaio".
Horrez gain, familiek hizkuntza elkarbizitza irudikatu behar dute. "Umeak txikitatik euskararekin harremana izatea nahi bada, orain da momentua hori planifikatzeko. Azken finean, haurrak txikitatik euskaraz hitz egin dezan nahi bada, euskaraz aditzeko eta aritzeko aukera nahikoak eta askotarikoak eman beharko zaizkio, euskara gizartean ahulagoa baita".