Komertzio txikien alde, esker onez

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 5a, 21:22

Komertzio txikiek sekulako bizitza ematen diote Lasarte-Oriari. Herriaren bihotz eta motorretako bat dira, zalantzarik gabe. Merkatari txikien garrantzia azpimarratu du Lasarte-Oriako Talde Aktibistak, gaur goizeko kale antzerkiarekin; bezeroei eskerrak eman dizkio, denda horietan erosketak egiteagatik

"Herriko denda edota ostatu batean sartzen zaren bakoitzean, Lasarte-Oriaren alde egiten ari zara. Muxu bat zuretzat, eta jarraitu horrelaxe". Hori irakur zitekeen Lasarte-Oriako Talde Aktibistako kideek gaur goizean banatu dituzten eskuorrietan. Merkatari txikien alde, kale antzerkia egin dute, ostalariei zein bezeroei eskerrik beroenak emanez. Paperari buelta eman, eta Lasarte-Oria inguruko merkatalgune handiei buruzko informazioa topatu: dagoeneko eginda dauden dendak, eraikitzen ari direnak eta etorkizunean errealitate bihurtuko direnak. Kontsumo eredu horren aurka dago talde aktibista; sortu zenetik ari dira ohartarazten hori ez dela bide egokia. Gaurko ekintzarekin berriro azpimarratu dute herriko denda txikietan erosketak egitearen garrantzia, komertzio txikia delako herriaren bihotz eta motorretako bat.

Zumaburuko denda eta ostatuak bisitatu dituzte lehenengo, musika eta guzti. Sartu dira dendetara, banatu dituzte eskuorriak dendari eta bezeroen artean, eman dizkiete eskerrak, eta hurrengo komertziora. Horrela aritu dira ia bi orduz, auzo horretatik hasi, erdigunea zeharkatu eta Andatza plaza ingurura iritsi arte.