Koloretako bizkar-zorroak feminismoaz eta berdintasunaz hausnartzeko

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 20a, 17:45
Udal liburutegian, Gaztelekuan eta Emakumeen Zentro Zibikoan hartu ahal izango dituzte lasarteoriatarrek maileguan. Indarkeria matxistaz gogoeta egiteko materiala izango dute motxilek barruan

Kultura gizartean eragiteko ezinbesteko tresna da. Horixe bera lortu nahi du Lasarte-Oriako Udalak gaur goizean martxan jarri duen "Eskubideen motxila" egitasmoarekin. Feminismoa, ahalduntzea eta berdintasuna gaiak ardatz hartuta, gaiaz kontzientzia hartu eta hausnartzeko liburuekin eta ikusentzunezkoekin bete dituzte bizkar-zorroak. Interesa duten herritarrek 21 egunez maileguan hartu ahal izango dituzte etxera eramateko.

Adin ezberdinetako herritarrei zuzendutako motxilak koloretako txarteltxoen bidez bereiziko dira. Txartel horiek motxiletatik zintzilik egongo dira, eta bertan agertuko dira adin tarteak. Bost adin tartetan banatu dituzte edukiak; 0 eta 5 urte bitartekoentzat, 6 eta 8 urte bitartekoentzat, 9 eta 11 urte bitartekoentzat, 12 urtetik gorakoentzat eta adinez nagusiak direnentzat.

Haurren Nazioarteko Egunean egin dute proiektuaren aurkezpena.

Eskolei parte hartzeko deia

Udal ordezkariek dei egin diete herriko ikastetxeei ekimenarekin bat egin dezaten. Jakinarazi dute, gainera, bizkar-zorroen erabiltzaileek gogoetak eta hausnarketak egiteko aukera izango dutela.