Kiroldegiko ikastaroetarako izen-emate epea ireki da

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 1a, 15:30

Lasarte-Oriako Udal Kirol Zerbitzuak urteko kirol-jarduera eskaintza zabala aurkeztu eta izena emateko epea ireki du.

Lasarte-Orian 2017-2018 denboraldirako eskainiko diren kirol-jardueretan izena emateko epea gaur ireki da. Aurreko kurtsoko kirol-eskaintza mantenduko du Udal Kirol Zerbitzuak, berrikuntza batekin.

Helduak

Helduei zuzendutako ikastaro eskaintza zabala da. Fisikoa hobetzeko, indartzeko eta tonifikatzeko indoorziklismoa, body pump, aerobik, zumba eta tonifikazio saioak daude. Ikastaro berria ere izango da, jumfita. Pilatesak, mantentzeko gimnastikak eta stretching-ak osatzen dute gimnasio arloko eskaintza.

Igerilekuan, maila ezberdinetarako igeriketako ikastaroez gain, acuagym eta zumbacuaerobic jarduerak izango dira martxan.

Gazteak eta haurrak

Hiru jarduera nagusi daude haur eta gazteen eskaintzan, gaztezumba, txikizumba eta kirol-. Igerilekuan igeriketa ikastaroen bidez, da igeriketa-estilo ezberdinak ikasteko eta hobetzeko aukera-sorta zabala eskaintzen. Larunbatetan haurtxoentzako igeriketa saioak izango dira. Gainera, Kirol Zerbitzuek nabarmendu duenez, aurreko ikasturtean igeriketan teknifikatzeko ikastaroak izan zuen arrakasta ikusirik, kurtsoa astearte eta ostegunetara ere zabalduko da.

Zerbitzu pertsonalizatuak

Hau guztiaz gain, kiroldegiak zerbitzu pertsonalizatua eta aholkularitza ere eskaintzen die erabiltzaileei, igerian egin edo gorputza tonuan mantendu nahi dutenei zuzendua.

Kirol aholkularitza zerbitzua Muskulazio eta Kardio gelan eskainiko da. Erabiltzaileei kirol makina ezberdinen erabilera egokia nola den azalduko zaie, entrenamenduen gida eskainiz. Zerbitzu berezia kontratatzen dutenei, aldiz, entrenatzeko programa pertsonala egingo zaie.

Igerilekuan igeriketa gidatua egin ahalko da. Erabiltzaileak astean hiru saio izango ditu.

Bestalde, Kontzeju txiki plazako nagusien parkea erabiltzeko alhokularitza zerbitzua ere izango da asteartetan, 10:30ean.

Jarduerak irailaren 11an hasiko dira, haurrei zuzendutako igeriketa ikastaroak izan ezik.

Informazio gehiago jaso edo izena emateko kiroldegiko bulegora jo behar da, astelehenetik ostiralera, goizez 10:00etatik 12:30era eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara.