Kiroldegia diseinatzeko prozesua martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 1a, 12:00

Kiroldegiaren oinarrizko proiektua egiteko prozesua abiatu du udalak; otsailaren 23ra arteko epea izango dute horretarako arkitekto etxeek. Bigarren fasean parte hartze prozesua egingo dute. Urte amaierarako aurreikusten du udalak fase hori amaitzea

"Historikoa da. Herritar askok eta askok eskatzen zuten". Gorabehera askoren ondoren, Jesus Zaballos alkateak iragarri du udalak martxan jarri duela kiroldegi berriaren proiektua. Michelingo gunean ezarriko dute, egun dauden futbol zelaiaren, frontoiaren, teniseko pistaren eta areto futboleko bestearekin batera. Atletismoko pistak kenduko dituzte, baina Atsobakarren jartzeko proiektua dute, beste futbol zelai batekin batera. Kiroldegia egiteko, herritarrek eta kirol elkarteek pasa den legealdian egin zituzten proposamenak hartuko dituzte kontuan. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dituzte dagoeneko instalakuntza berriak eraikitzeko pleguak, eta martxan da prozesua. Espero da urtea amaitzerako oinarrizko proiektua bukatuta egotea. 

Kirol instalakuntza berriak eraikitzea beste erremediorik ez du udalak. Egungo kiroldegia 1988. urtekoa da, eta eraikuntzaren fitxa teknikoak ez du baimentzen adabaki gehiago jartzea. "Urte hauetan guztietan beharraren arabera joan da kiroldegia moldatzen", azaldu du Zaballosek. 

Agustin Valdivia Hirigintza zinegotziak azaldu du dagoeneko  hasi dela lizitazioaren lehen fasea. Otsailaren 27ra arte arkitekto etxeek proiektuak aurkezteko epea izango dute. Ondoren, horietatik guztietatik bost aukeratuko dituzte. 

Bigarren fasean parte hartze prozesu bat bultzatuko dute, bost hautagai horien artean aukeratzeko. 104.000 euro (BEZa kanpo) balioko du oinarrizko proiektuak. Horrez gainera, beste bost finalistei 3.000 euroko saria emango diete (BEZa kanpo). 

Ekainerako emango du epaimahaiak ebazpena. Kontratua gauzatzeko eta egon daitezkeen akatsak zuzentzeko epea kontuan hartuta, abendurako espero du udalak oinarrizko proiektua izatea. Exekuzio proiektua lehiaketarik gabe adjudikatu diezaioke udalak, oinarrizko proiektua egin duen enpresari. Edonola ere, lanak 2020. urtea baino lehen ez lirateke hasiko. Horrez gain, Atsobakarko atletismoko pisten auzia konpondu behar du udalak; Usurbilgo Udalaren zain dago oraindik Zaballos. "Baimena eman behar digute".