Kirolaren bitartez herriko merkataritza sustatzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 25a, 21:28
Lasarte-Oriako Udalak hitzarmen bat sinatu du gaur arratsaldean Ostadar SKT elkartearekin, igande honetan jokatuko den XXI. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoian Tratu On Bat marka sustatzeko. Jesus Zaballos alkateak eta Ostadarreko lehendakari Imanol Bardajik sinatu dute akordioa.

Udalak eta Ostadarrek sinatu duten hitzarmenak hainbat zati ditu. Batetik, Tratu On Bat marka sustatzeko nylon materialez egindako 3.000 motxila emango zaizkio Ostadarri, igandeko krosean parte hartzen duten lasterkari guztiei bana emateko. Bestalde, Udala arduratuko da aurreikusitako 2.600 dortsaletan (nagusientzat 1.600 eta haurrentzat 1.000) jarri beharreko publizitateaz. Jesus Zaballos alkateak adierazi duenez, Tratu On Bat marka ikusi ahalko da horietan; 2.000 eurokoa izango da diru-laguntza. "Gure herrian jende askok hartzen du parte, baina baita eskualde osokoa ere, eta uste dugu oso garrantzitsua dela gure herriko marka komertziala kirol proba horretan presente egotea".

Bestalde, Ostadar SKTk 'Tratu On Bat' eslogana jartzeko konpromisoa hartu du krosa iragarriko duten 500 kartel eta 4.000 diptikoetan. 

Ostadar SKT, "pozik"

Akordioa sinatu ostean, Ostadar SKTko lehendakari Imanol Bardajik hartu du hitza. Zehaztu du "sinatutakoarekin pozik" dagoela kirol elkartea: "Hitzarmen honek bat egiten du gure oinarrizko irizpideekin: batetik, gure krosa bultzatzen delako eta, bestalde, sustatzen da Tratu On Bat marka, eta hori ere oso garrantzitsua da, horrek egiten du herria".