Kirola eta omenaldia San Pedro egunean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 29a, 15:41
Trikitilarien doinuekin esnatu da herria, eta herri kirolekin itxi dute eguerdia. Erketz EDTri omenaldi beroa egin diote Manuel Lekuona kultur etxean

Ttirriki-Ttarrakako soinu jotzaileek eta pandero jotzaileek esnadeia egin dute goizean goiz. Eurek eman diote hasiera egun handiari; San Pedro egunari. Behin esnatuta, gaztetxoenek haurrentzako parkean gozatu dute goizaz, Andatza plazan.

Pilota saioek ere ez dute hutsik egin aurtengo sanpedroetan. Emakumezkoak aritu dira eskuz pilotan norgehiagoka, eta horien artean, Ane Arteaga herritarra lehiatu da. Maite Ruizekin bikote gorria osatuz, 22-11 nagusitu dira Maite Tolosa eta Miriam Arrikadaren aurka. Segidan, gizonen txanda iritsi da. Loidibarrengo kantxan, beste lasarteoriatar bat: Jon Pello Artetxe. Gorri kolorearekin aritu da bera ere, Iñigo Bikuñarekin batera. Julen Alberdi eta Julen Urruzolarekin neurtu dituzte indarrak. Urdinak nagusitu dira, 18-22. Partida polita ikusi dute herritarrek: aurrelariek tanto asko bukatu dituzte eta atzelariek sendo jokatu dute.

Extremadurako danbolin jotzaileek hartu dute txanda gero, eta herriko kaleak zeharkatu dituzte musikaz alaituz. Hamabietan, Okendo plazako agertokira igo, eta Extremadurako doinuen emanaldi eskaini dute. Musikari euskaldun bat gonbidatu dute agertokira. Juan Mari Beltranek fin jo ditu Extremadurako doinuak, eta emanaldi atsegina eskaini diete bertaratutakoei. Bien bitartean, Virgen de Guadalupe elkarteko bazkideek miga goxoak prestatu dituzte, eta lasarteoriatar ugari gerturatu dira horiek dastatzera. 
Festa giroari eusteko, Xumelako kideak kantu-dantza-jiran ibili dira bazterrak alaitzen. Ezer baino lehen, hamaiketako goxoarekin bildu dituzte indarrak, eta ohi bezala, saio alaia egin dute herrian barrena. 

Herri kirolak

Bazkal aurretik herri kirolari eman diote paso. Hasiera batean emakumezkoen saioa izatea aurreikusia bazegoen ere, lesioak medio, gizonezkoek ere parte hartu dute Elizatze plazan.  Aizkora eta trontza proban, harri-jasotzaile erakustaldian, artaburuak jasotzen, trontzan, ingudean  eta beste zenbait probatan aritu dira parte hartzaileak. Hamabi urteko harri jasotzaile gazte baten erakustaldiaz ere gozatu ahal izan dute ikusleek; Udane Ostolaza Echave gazteak saio polita eskaini du.

Merezitako omenaldia

Erketz EDT dantza taldea omendu du aurten Udalak. 50 urte daramatzate euskal kultura eta dantza bultzatzen, etenik ez duen soka gero eta gehiago luzatzen. Herriaren alde hamaika ekintza, ikuskizun eta ekitaldi antolatu dituzte; asko eman diote Lasarte-Oriari. Gaur, esker ona eta maitasun keinu ugari jaso dituzte bueltan. Emanaldia, nola ez, dantzatuz hasi dute: erraldoiak aritu dira aurrena, eta Erketzeko hainbat dantzari gero. Zero-Sette akordeoi orkestra arduratu da musikaz. Jesus Zaballos alkatearen hitzak entzun eta gero, azken bost hamarkadetan dantza taldean aritutako hainbat kide igo dira oholtza gainera, euren bizipenak partekatzera ikus-entzuleekin. Hainbat anekdota eta istorio bitxi kontatu dituzte. Bukatzeko, Lasarte-Oriako ereserkia abestu, eta talde argazki erraldoia atera dute.

Sorginek eta aztiek, herri bazkari eder bat egin dute Okendon. Paella goxoa jan eta jai giran igaro dute eguerdia.

Ikusi hemen goizeko argazkiekin osatu ditugun argazki galeriak: