Kirola denontzat delako

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko api. 23a, 20:52
8 eta 12 urteko hainbat gaztetxok kirol-igande goiz ederra igaro dute Maialen Chourraut Udal Kiroldegian. Ostadar Kirol Egokituak antolatuta, 'Kirola denontzat' ekitaldian hartu dute parte, eta urritasuna duten kirolarien ikuspuntua ezagutu.

Kirola denona da, eta denontzat. Mezu hori zabaldu dute gaur Ostadar Kirol Egokituko saileko kideek, Maialen Chourraut Udal Kiroldegian antolatu duten ekitaldian. 8 eta 12 urte bitarteko hainbat haur animatu dira kirol-ginkanako jokoetan parte hartzera eta kirol-goiz ederra pasatzera. Urritasunen bat daukaten kirolarien ikuspuntua ezagutu ahal izan dute hainbatek.

Adibidez, saskibaloian jokatzen gurpildun aulki baten gainean. Lerrook idazten ari den kazetariak ere probatzeko aukera izan du, eta onartu beharra du engantxatu egiten duela, xarma daukala. Eta ez dela batere erraza hasieran! Gurpildun aulkia kontrolatu bitartean baloia jaso, mugitu, pasa, jaurti, jokoaren nondik-norakoak kontrolatu...zirraragarria.

Saskibaloiaz gain, gazteek jokatu ahal izan dute boloetara, tokara, begiak estalita eduki bitartean txintxarridun baloia beste taldeari jaurti eta golak sartzera...eta beste hainbat jokotara ere bai. Kirol Egokituko arduradunen eta EHUko ikasle bolondres talde baten laguntza izan dute neska-mutilek goizean zehar. Gainera, harmailak irekita egon direnez, parte-hartzaileen familia eta lagunak ere gerturatu dira kiroldegira.

Hiru ordu pasatxoz jolasean eta kirolaz gozatuz aritu ostean, antolatzaileek hainbat sari zozketatu dituzte gaztetxoen artean, goizari amaiera biribila emateko. 

Argazki galeria