Kataluniako kanta eta dantzak Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 4a, 23:30
Iazko bisitari erantzunez, Gironako Lladó herriko lagunak izan dira gaur gurean. Xumelak iaz Zarauzko Montetxio eta Hondarribiko Olagarro abesbatzetako kideekin izan zen Katalunian eta aurtengoan eurek bueltatu dute bisita. Bi abesbatzek emanaldi polita eskaini dute Okendon euskal kanta eta dantzak katalanekin uztartuz. Emanaldia entzutera gerturatutako herritarrak dantzan jarri dituzte bi taldeek.

Iaz herriko Xumela koruak Euskal Herriko mugak gainditu eta Zarauzko Montetxio koruko zein Hondarribiko Olagarro koruko kideekin batera Kataluniara joan zen. Girona aldean lau egun igaro zituzten eta kanta artean, herri ezberdinak bisitatu eta lagun berriak egin zituzten. Herrira oroigarri berezi bat ere ekarri zuten Xumelako kideek. Olibondo bat opari jaso zuten han eta herrira ekartzerakoan gurean toki aproposa bilatu zioten. Gure Esku Dago taldearen ekimenean, olibondo hau Dorre parkea eta Askatasunaren plazaren arteko eremu batean landatu zuten maitasunez. 

Aurten, Euskal Herriko koruek luzatutako gonbidapenari erantzunez, gure artean izan dira asteburuan Lladó herriko Re Mi Band koraleko lagunak.Gaur, goizean goiz Pasaiako Albaola museora egin dute txangoa eta 13:00etan Zarauzko musika plazan kantaldia partekatu dute Kataluniako eta Euskal Herriko koruek.

Herrira bisita
Elkarrekin bazkaldu ondoren, herriaren bisita gidatua egin dute Zarautzen. Arratsaldeko 19:30ean iritsi dira Lasarte-Oriara Xumelako lagunen gidaritzapean. Okendo plazan, Xumelak eta LLadó-ko Re Mi Band koruak bat egin dute eta emanaldi polita eskaini dute. Xumelako Joxe Mari Agirretxek egin ditu aurkezle lanak eta Lladóko lagunei harrera egin die. Lladóko alkateak ere hitz batzuk esan ditu. Besteak beste, katalanez hasitako mintzaldian, jasotako harrera beroa eskertu eta euskal kultura gertutik ezagutzeko aukera politaz aritu da. Xumelako lagunei, Lladón euren etxea dutela ere esan dieberaz, nahi duten guztietan ongietorriak izango direla aipatuz.

Kanta eta dantzak
Xumela eta Olagarro abesbatzako kideek 'Goazen lagun maitea' kanta eskaini diete katalanei herritar talde batek hauei agurra dantzatu ostean. Katalanek jarraian beste abesti bat eskaini eta bukatzeko 'Txoriak Txori' kanta denek batera eskaini zuten gogotsu, Celia, katalanen zuzendariak bi abesbatzetako kideak gidatuta. Ttakunek topaketa honen antolakuntzan lagundu du eta elkartetik sustatzen den herriko plaza dantza taldeak parte hartu du ekitalditxoan. Plazan bildutakoak dantzan jarri dituzte lagun arteko festa giro ederrean. Taldeek Sardana eta hainbat euskal dantza egitera gonbidatu dituzte bertaratutako herritarrak.

Amaitzeko, eta katalanen eskaerari erantzunez Dabid Egizabalek gidatuta, arin-arina eta fandangoa ere dantzatzera animatu dira. Euri arriskua egon arren, ez dira bisitariak ezta bertakoak kikildu eta aurrera egin dute topaketarekin. Bukatzeko, Okendon bertan elkarrekin mokadua jan eta topa eginez hurrengo bat arte agurtu dute elkar. Guztira 100 bat lagun bildu dira ekitaldi berezian. 50 bat kide izan dira Gironatik etorritakoak eta beste hainbeste herriko korukoak. Denentzat topaketa hau, Katalunian bizitakoa bezala, esperientzia aberasgarria izan dela aipatu du Agirretxek. Bi kulturen arteko hurbileko ezagutza eta laguntasun harreman berriak sustatzekoa.