Gogotik ospatu dute Oriako auzotarren Karmen eguna. Eguraldi bikaina lagun, ekintzaz beteriko egitarauaz gozatu dute, goizetik hasi eta iluntzera arte. Ez dago zalantzarik: Karmengo jaiak dira Oria auzoaren ikur.
Ikur eta sinboloez hitz egiten hasita, gaurtik aurrera beste bat ikusi ahalko dute herritarrek Brunet-eneako parke alboan. Miguel Angel Oribe herritarrak eskultura bat egin du. Corten altzairua erabili du horretarako. Hainbat hamarkadaz gure herriko ikur izandako fabrikaren izena darama, gainera: Brunet. Inaugurazio ekitaldian hitz egin du Jesus Zaballos alkateak: "Gure nahia da Bruneten aztarna, fabrikarena, hango langileena, Sorgin Dantzarena, ezabaezin gera dadila eskultura honekin, eta Oriaren eta gure herriaren sinboloetako bat izan dadila". La Esperanza auzo elkartearen izenean, berriz, Sebastian Kerejeta aritu da. Eskerrak eman dizkio Udalari elkartearen eskaerari men egiteagatik, eta baita Miguel Angel Oribe eskultureari ere, egindako lan bikainagatik.
Eskulturatik metro eskas batzuetara dago Karmengo Amaren kapera. Bertara joan dira auzotarrak eguerdi partean, meza nagusia entzutera. Juan Luis Murua apaizak gidatu du. Pilar Catalina eta Amaia Lizarraga sopranoek eta Amaia Dorronsoro organu jotzaileak girotu dute ekitaldia. Era berean, Solano taldeko bi neska gazteek agurra dantzatu dute. Bukatzean, zain zeukaten hamaiketakoa herritarrek, kapera alboko plazatxoan. Hainbat gerturatu dira bazkaldu aurreko mokadutxoa jatera.
Sorgin Dantza, auzoan barrena
Ikur eta sinboloekin jarraitu, ezin Sorgin Dantza ahaztu. Karmengo Amaren kaperan elkartu dira dantzariak, eta pixkanaka-pixkanaka Brunet-eneako parke aldera abiatu dira. Han zain zeuzkaten hainbat ikusle. Gogotik txalotu dute dantzari guztien ahalegina, eta animatu dira kalejira dantzatzera ere. Ondoren, Brunet inauguratu berrira joan eta talde argazkia atera dute. Eskultura bezala, historiarako geratuko da argazkia ere.
Bien bitartean, ur jolasetan arituz eta puzgarrietan jauzi eginez egin diote aurre beroari gaztetxoek. Brunet-enea bertan aritu dira arratsaldean zehar, geratu gabe.
Eta, jaiak ezin hobeto bukatzeko, auzotarrek gorputza astindu dute Ibai Berriak taldearen doinu dantzagarriek lagunduta.