Hurrengo liburuko lehenengo lerroak

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko api. 22a, 21:44
Erketz EDTk 50 urteak ospatzen jarraitzen du: erromeria erraldoia antolatu du Okendo plazan. 'Sokak ez du etenik' liburua eta dantza taldeko musikariek sortutako hainbat abestirekin egindako CDa ere aurkeztu ditu, jendaurrean

Okendo. 12:30ak pasatxo. Plaza, jendez lepo. Ez daude geldirik; dantzan ari dira, gustura. Txulalai aurrena, bals elegantea gero, fandangoa, polka, kalejira. Eta beste hainbat dantza, mundu osotik ekarriak. Herritarrek ederki erantzun diote Erketz EDTk egindako deiari, eta erromeria erraldoia are erraldoiago egin dute, bazkalordura arte. 50 urte betetzen ditu dantza taldeak aurten, eta ederki ari da ospatzen. Azken bost hamarkadetako istorioak, kontuak eta bitxikeriak Sokak ez du etenik liburuan jaso ditu. Gaurko ekitaldiarekin, hurrengo liburuko lehenengo lerroak idatzi ditu Erketzek.

Liburu hori nork idatziko duen eta noiz argitaratuko den ez dakigu. Badakigu, ordea, erromeria hasi baino lehen aurkeztu dutena (Sokak ez du etenik) Maider Galardi kazetariak idatzi duela. Prentsaurrekoan aipatu duenez, hamahiru-hamalau bat elkarrizketa egin ditu, urteotan guztiotan dantza taldean parte hartu duten hainbat pertsonekin. Solasaldi horietatik hainbat ondorio atera ditu: "Dantza talde bat baino askoz gehiago da Erketz; lan handia egin du dantza, musika eta euskal kulturako hainbat elementu berreskuratzen. Pertsona gisa hazteko tokia da". Euskara eta gaztelania uztartu ditu liburuan: jaso ditu taldearen ibilbidea, bilakaera eta anekdota bitxiak, besteak beste. "Erketzen bilakaera islatzen da liburuan, baina baita Lasarte-Oriaren azken bost hamarkadetako testuinguru soziopolitikoa. Garai horri aurre egion zion Erketzek, euskal kultura ausardiaz berreskuratuz. Azken zatian, gaur egungo eta etorkizuneko erronkei buruz hitz egiten da". Hitzaurrea Juan Antonio Urbeltz etnografo eta euskaltzaleak idatzi du. "Liburua idatzi bitartean, emaztea galdu zuen, baina, halere, enkargua bete zuen. Horrek balioan jartzen du zer den Erketz EDT. Eskerrak eman nahi dizkiot berari, eta baita taldeko kide eta kide ohiei ere, elkarrizketetan parte hartu duten pertsona guztiak ahaztu gabe".

Erketz EDTren sormen ahalmenaren sokak ere ez du etenik: liburua bakarrik ez, CDa ere plazaratu dute gaur. Taldeko musikariek egin dute, urteotan guztiotan sortutako abestiekin. Jaso dituzte San Juan bezperako soinuak, Gipuzkoako soinu zaharrak, Oriako sorgin dantza, Matelota dantza, Lekorneko dantzak eta baita 50. urteurrenerako prestatutako flashmobaren doinuak ere. Dani Itxusta musikariak eman ditu azalpenak. "Bost hamarkada hauetan hogeita hamar bat musikari aritu dira Erketzen, gutxienez".

Ekainean, emanaldi berezia

Aurtengoa urte berezia da Erketzentzat. 50 kandela ez dira urtero itzaltzen, eta, behar bezala ospatzeko, ekitaldi ugari prestatu ditu 2019a iritsi bitarte. Ekainaren 16an, larunbatarekin, San Pedro jaien aurreko emanaldi berezia eskainiko dute, Okendon bertan. Aurtengo ikuskizuna "oso berezia" eta "ikusgarria" dela iragarri dute taldeko kideek. Herriko hainbat elkartek ere hartuko dute parte.

Urriko hirugarren astebururako ere ari dira ekintzak prestatzen. Desfile-emanaldi bat egingo dute: 50 urteotan Erketzeko kide izan direnek hartuko dute parte. Bazkari bat ere egingo dute, gaur egungo kideentzako, eta historikoentzako ere bai. "Anekdota ederrak gogoratzeko aukera ederra izango da".

Argazki galeria