Kantuan eta dantzan, indarrak agortu arte

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko eka. 11a, 14:34
Andaluziar jantzi koloretsuak armairuetatik atera, Rocioko ama birjina eskuetan hartu, eta, eguzkia ezkutatu arte, kantuan eta dantzan aritu dira Semblante Andaluz elkarteko kideak, Atsobakar parkean

Gaur astelehena delako, eta errutinara bueltatu behar dutelako. Ilundu egin zuelako atzo, eta apenas ikusten zelako ezer. Bestela, ziur aski, kantuan eta dantzan jarraituko lukete Semblante Andaluzeko kide eta lagunek, indarrak agortu arte. Rocioko erromeria ospatu dute asteburuan, Atsobakar parkean. Larunbata goibel hasi zen, euritsu, baina, zorionez, gutxi iraun zuen, eta arratsalde partean giro ederra arnastu zen karpan eta eszenatokian. Igandean eguraldi ederra egin zuen, eta primeran aprobetxatu zuten hori, festan murgiltzeko.

Atzokoa izan zen egun handia. Misa rozieroarekin ekin zioten egunari. Rocioko ama birjina Arantzazuko Ama parrokian presente zegoela, Juan Luis Murua apaizak esandakoak adi entzun zituzten elizara bertaratutakoek. Semblante Rociero koruak girotu zuen ekitaldia. Elizatik ateratzean, kolore eztanda: dantzan hasi ziren hainbat herritar, andaluziar jantzi ederrak soinean zituztela. Hainbat minutuz aritu ziren horrela, Atsobakar aldera joateko ordua iritsi zen arte. Ama birjina gurdi batean jarri, eta kantuan eta dantzan joan ziren denak inguruan, parkera iritsi arte. Ohorezko ardoarekin egin zuten topa bertan, udal korporazioko hainbat kide bertan zirela. Goizean gelditu gabe ibili eta gero, elkarteko sukaldariek prestatutako paella goxoarekin berritu zituzten indarrak. Ongi irabazita dauka fama ona plater horrek.

Igande arratsaldea, emanaldiz lepo

Bazkalostean, digestioa egiteko, gorputzak astindu zituzten Atsobakarrera bertaratutakoek. Inguruko herrietako hainbat dantza talde eta andaluziar etxe etorri ziren Lasarte-Oriara, eta parkeko oholtza gainera igota, emanaldi ikusgarriak eskaini zituzten. Besteak beste, Semblante Andaluzeko dantza talde Zambra igo zen oholtza gainera. Euren errepertorioko koreografia ikusgarrienak taularatu eta gero, oroigarria jaso zuten, Semblanteko lehendakari Jose Mari Melladoren eskutik. Errenteriako Concha Rociera taldeak ere jaso zuen aitortza, lehenengo erromeriatik etortzen baita herrira, hutsik egin gabe. Salbe rozieroa abestu zuten pixka bat beranduago, ama birjinari agur esateko. Eta erromeria ezin hobeto ixteko, kantuan eta dantzan egin zuten berriro, eguzkia ezkutatu zen arte.

Argazki galeria