Urte osoa igaro jai-asteburu bat prestatzen. Egunak zenbatu, iritsi arte itxaron, eta, ailegatzean, euria goian-behean. Ez da egoera samurra, antolatzaileentzat batez ere. Dena dela, burua jaitsi beharrean, are indar gehiagoz ari da ospatzen Extremeña elkartea bere asteburu handia.
Gaur goizean kantuan eginez uxatu dute euria, elkartearen egoitzan. On Ramon Uribe-Etxebarria apaizak gidatu du meza, eta Errenteriako extremadurar etxeko Ecos de Monfrague koruak girotu du. Amaieran, nahi izan duenak, Guadalupeko Ama Birjina musukatu ahal izan du. Hori eta gero, paella goxoa dastatu dute Jaizkibel plazako arkupeetan.
Ez zaie gaizki etorriko bapo bazkaldu izana; hainbat ekintza dituzte zain arratsaldean. 15:30etik aurrera mikrofonoa hartu eta karaokean abestu ahalko dute. 17:30ean, gaztetxoen txanda: eguraldi txarrari aurre egiteko txokolate beroa edukiko dute zain Jaizkibel plazan. 18:00etan, berriz, ikuskizun berezia eskainiko dute Jalguneko lagunek: 'Jalgunextrem'. 'El Carretin' jotarekin batera eskainiko dute ikuskizuna. Gauean ere badago zer egin eta ikusi: 21:30ean bazkideek afari ofiziala egingo dute, eta parrandarako gogoa daukanak, 00:00etatik aurrera gorputza astindu ahalko du Jaizkibel plazan, Ibai Berriak taldearen doinuekin.
Kontzertuak protagonista
Giro ederra egon zen atzo gauean Jaizkibel plazan. Manantial Folk, Makulu Ken eta The Northagirres taldeek eta Paolo Solo DJak musikatu zuten gaua. Hainbat herritar gerturatu ziren emanaldiez gozatzera. Parranda bota eta gero gose zirenek Extremadurako migak dastatu zituzten.