Kalitatezko hezkuntza duinaren alde borrokan

maddi-noriega 2018ko mar. 16a, 10:30

Bi eguneko lanuztera deituak izan dira EAEko ikastetxeak, eta deialdiarekin bat eginda, Lasarte-Oriako ikastetxeek ere greba egin dute asteazkenean eta ostegunean. Hiriburuetan egin dituzte mobilizazioetan kalitatezko hezkuntza publikoa aldarrikatu dute

"Begi bistakoak" dira irakasleek lanuzteak egiteko arrazoiak. Kalitatezko hezkuntza eredu baten alde borrokatzen ari dira EAEko ikastetxeak, eta horien artean, baita Lasarte-Oriako irakasleak ere. Asteazkenerako eta ostegunerako greba egiteko deialdia zuten, eta mobilizazioarekin bat eginik, gutxieneko zerbitzuak baino ez dira izan herriko ikastetxeetan.

Ikastetxeetan ematen ari diren murrizketen ondorioz, "egoera larriak" jasaten ari direla salatu dute irakasleek: "Jasan ezina da". 

"Galdutako eskubide asko" berreskuratzeko ari dira borrokan irakasleak. Galera horiek ez dituzte soilik irakasleek jasaten, baita ikasleek ere. Horrela azaldu dute Lasarte-Oriako ikastetxeko irakasleek. Murrizketen hainbat ondorio itzalpean geratzen direla ere ekarri dute gogora; irakasleen bajak gertatzen direnean adibidez, bost egunetara bidaltzen dituzte ordezkoak, eta bitarte horretan, ikasleek orduro, irakasle ezberdin bat izaten dutela gogorarazi dute. Hori aldatzeko, bajak lehenengo egunetik kubritzea eskatzen dute. 

Ratioa murriztea

Ikasgeletan ikasle kopuruen ratioa %10ean jaistea eskatzen dute irakasleek. Egungo ratio datuak ere jakinarazi dituzte: bi urteko haurren gelan, 18 ikasle; hiru eta bost urte bitarteko gelatan, 23 ikasle; eta Lehen Hezkuntzan, berriz, 25. Horrekin batera, ikasturtea hasita ikasle berriak etortzen direnean, ikastetxeak horiek hartzera behartuta daude, ratioa %10ean handituz, baina irakasleen kopurua handitu gabe. Hainbat ikastetxetan ratio hori %20ean handitzen dela ere nabarmendu dute.

Pertsonala handitu 

Azken urteetan irakasle kopuruak  behera egin duela nabarmendu dute, baita ikasle kopuruek gora egin duten ikastetxeetan ere. Hori ere salatu dute lanuzte horien bidez.

Lanpostuen egonkortzea

Irakasleen lanpostuetan %40ko behin-behinekotasuna dago. Egoera horrek , ikastetxeetan urtero lan taldearen edo pertsonalaren kopuru handi bat aldatzea eragiten du, eta horrek "ezegonkortasuna" ekartzeaz gain, karguak banatzeko lana ere zailtzen duela ere ohartarazi dute. Tutore diren irakasleen ezegonkortasuna ere eragiten du behin-behinekotasunak.

Adostutako hezkuntza legedia

Ez dute "inposatutako" hezkuntza legedirik nahi, guztien artean adostutakoa baizik. Aurten sei azterketa egin beharko dituzte ikastetxeetan; Heziberrik ezarritako lau errebalidak, eta bi froga diagnostikoak. 
Hori guztia salatu eta kalitatezko hezkuntza aldarrikatzeko, ateak itxi dituzte ikastetxeek bi egunez, eta hiriburuetako manifestazioetan parte hartu dute.