Kale garbiketa zerbitzua lehiaketara

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 23a, 18:30
Lasarte-Oriako Udalak Kale garbiketa zerbitzuaren lizitazioa martxan jarri du. Jesus Zaballos alkatea eta Jose Mari Urdampilleta Zerbitzu publikoak saileko arduradunak eman dute lehiaketaren berri

Jesus Zaballos alkateak jakitera eman duenez, aurreko kontratua 1999an sinatu zen eta gaur egunera arte luzatu da. Zerbitzua hobetu eta eguneratu asmoz lizitazio berria jarri du martxan Udalak. Eta, halaber, aurrekontu parte-hartzaileetan Lasarte-Oriako herritarrek gehien bozkatutako 2. Proposamenari irtenbidea eman dio.

Baldintza-agiri berri hauen bitartez, “gure herriko kale eta plazen garbitasuna nabarmen hobetuko da” adierazi du alkateak.

Lanak

Agerraldian azaldu dutenez, ohiko kale garbiketa lanez gain, baldintza-agirietan nahitaezko garbiketa modura hauek gehitu dira: garbiketa mekanikoa egin beharra, urarekin eskuz garbitzea, zaborontzi lurperatuak garbitzea, Udalaren aparkalekuak, kaleetako farolak, seinaleak eta altzariak eta bide publikoetako belarrak eta sasiak.

Herritarren kexak direla eta beste bi lan zehatz txertatu dira ere baldintzetan, batetik ataripeen garbiketa, bai publikoak, baita bide-zorra duten pribatuak ere; eta bestetik armiarma eta armiarma-sareen garbiketa.

Kontratu berrian pertsonalaren kopurua astean zehar hamasei lagunekoa izan behar duela zehazten da, asteburuetan berriz, hiru. Hamasei lagun horien postuak honakoak izango lirateke: arduradun bat, kale-garbitzeko makinetako 3 peoi, fregatzeko makinako peoi bat eta peoi espezialista bat. Asteburuetako postuen kasuan, 2 peoi eta kale-garbitzeko makinako peoi bat dira.

Makineriari dagokionez, tresnen kopurua handitu dela jakitera eman dute. “Kale-garbitzeko makina bat eta haize-makina elektriko bat gehituko zaie. Gainera, espaloiak sakonkiago garbitu ahal izateko fregatzeko eta desugertzeko makina bat ere zehazten da agirietan”. Beraz, guztira 3 kale-garbitzeko makina, 2  haize-makina elektriko eta fregatzeko eta desugertzeko makina bat izan beharko ditu enpresak.

Eremu berriak

Honez gain, lehen zegoen zonakako garbiketa bertan behera utzi da. “Lasarte-Oriako hainbat auzoetan maizago garbitzen zen honen bitartez. Orain, udalerri osoan astean zehar egunero egingo dira garbiketa lanak,” azpimarratu du Urdampilletak.

Eta hemezortzi urte hauetan sortu diren edo eraikitzen ari diren eremu berriak gehitu dira, 368.638 m²: Zelaialde, Bitarte, Goiegi, Goiegi Ibarra, Zabaleta-Berri eta Zatarain.

Hori guztia ahalbideratzeko esfortzu ekonomiko handia egingo dela azpimarratu dute, 1.107.294 eurokoa da lizitazioa. Kontratua sei urterako izango da eta bi urteko luzapenak egin ahalko dira.

Udaleko ordezkariek jakitera eman dutenez,  otsailaren 9ra arte dute enpresek haien proposamenak aurkezteko. “Dagoeneko bost enpresek bidali dute,” aipatu du alkateak.