Kabiak kudeatuko du aurrerantzean Atsobakar zahar etxea

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 29a, 12:07
Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosek eta Gipuzkoako Foru Aldundiako Zerbitzu Sozialetako diputatu Maite Peñak Atsobakar zahar etxea kudeatzeko hitzarmena sinatu dute

Gipuzkoako Batzar Nagusiek hitzarmen dokumentuari oniritzia emanda, akordioa sinatu eta aurrerantzean, Kabiak kudeatuko du Lasarte-Oriako Atsobakar egoitza. Udalak jakinarazi du aspaldiko urteetan egindako eskaera bati erantzuna ematen diola hitzarmenak. 

Hitzarmena urte bukaeran sinatu badute ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko uztailaz geroztik emandako zerbitzuen kostu osoa  bere gain hartuko ditu. 

Hitzarmen honekin "pozik" agertu da Zaballos: "Azkenean zahar etxearen eskualdaketa egin da, eta horrek, baliabide ekonomikoak eta pertsonalak liberatuko dizkio udalari berez dagozkion eskumenetara zuzendu ahal izateko". 

Plaza kopurua gehitu

Alkateak gaineratu du egoitzaren plaza kopurua handitu egingo dela etorkizunean, izan ere, zahar etxea handitzeko obrak egitea aurreikusten da.