San Pedro jaiak hastear dira jada, eta, egitarau zabalaz gozatu ahal izango dute lasarteoriatarrek. Musika emanaldiak, ikuskizunak, dantzaldiak, eta beste hainbat ekintza izango dira lau egunez; baita bakailao lehiaketa ere. Sorgin Jaiek antolatuta, aurten ere izango da norgehiagokan parte hartzeko tartea. Juan Luis Yeregi eta Txomin Balza izan ziren iragan urteko garaileak.
Nolatan animatu zineten lehiaketan parte hartzera?
Juan Luis Yeregi: Nik, Sorgin Jaietan parte hartzen duten bi alaba dauzkat, eta, haiek animatuta joan nintzen. Urtero, bakailaoa kozinatzen dut baserrian, eta hori aitzakiatzat hartu eta alaben animoekin, izena ematea erabaki nuen.
Txomin Balza: Orain dela sei urte, Lasartearra elkarteko zuzendaritza taldeko kide nintzela, elkartearen izenean joatea erabaki nuen. Orduko esperientzia gustatu, eta, harrezkero, urtero parte hartu izan dut, baina ez elkartearen izenean.
Osagaiak aurrez finkatzen al dizki-
zuete antolatzaileek?
J.L.Y./T.B.: Bai. Antolatzaileek ematen dizkigute kozinatzeko beharko ditugun osagai guztiak, eta parte hartzaileok ezin diogu ezer gehitu. Sukaldatzeko behar diren kazola eta mahai tresnak bakoitzak ekarri behar ditu; hortaz gain dena antolatzaileek ematen digute. Bakailaoa, olioa, baratxuria, gatza eta piper-mina dira ematen dizkiguten osagaiak.
Nola kozinatzen da bakailao plater irabazlea?
J.L.Y./T.B.: Lehenik eta behin, olioa berotu eta baratxuria frijitzen da. Baratxuriak kolore pixka bat hartu duenean, oliotatik kendu eta olioa epeltzen uzten den bitartean, kazuela fresko bat hartzen da. Bertan, bakailaoa jarri (larrua bera begira duela) eta olio apur bat gehituta, mugitu egin behar izaten da kazuela. Mugitzen ari garen heinean, ligatzen joaten da, eta, pixkanaka-pixkanaka, olioa gehitzen joan behar da. Behin kozinatu dugunean, bakailao pieza eleganteena hartu, eta, platerean aurkezten da.
Espero al zenuten lehen postua ira-
gan urteko lehiaketan?
J.L.Y./T.B.: Espero, espero, ez genuen espero, baina bagenekien txukun ari ginela. Pozik amaitu genuen lehiaketa, eta plateraren aurkezpena ere oso ona egin genuen. Oso ondo egin genuela bagenekien, baino besteak ere ondo aritu ziren, eta ez genuen irabazterik espero. Maila handia dago parte hartzaileen artean.
Martin Berasategiren jatetxean bi lagunentzako otordua da sari na-
gusia… merezi du sariak ere, ezta?
J.L.Y./T.B.: Noski merezi duela! Oso sari polita da! Oso ondo bazkaldu genuen, eta, Martin Berasategi ere oso ondo portatu zen gurekin.
Aurten aurkezten direnei, zein gomendio emango zenizkiete?
J.L.Y./T.B.: Ezer baino lehen, ondo pasa dezatela esango genieke. Lasai-lasai kozinatu dezatela, eta, bakoitzak dakien bezain ondo sukaldatu dezala.