JSE-EGAZen indarkeriaren aurkako kanpaina Kutxa Kultur jaialdian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 13a, 19:00
Alderdi sozialistako gazteek, JSE-EGAZ, indarkeria matxistaren aurkako kanpaina dute martxan. Ostiralean, Kultur Kutxa musika jaialdian izango dira ‘Indarkeria matxistarik ez’ leloa duten txapak banatu eta gazteekin hitz egiteko.

Gaur eguerdian, Jesus Zaballos alkateak eta Euskadi, zein Gipuzkoako JSE-EGAZeko idazkari nagusiak diren Azahara Dominguezek  eta Isaac Palenciak azaldu dute ‘Indarkeria matxistarik ez’ ekimena.

Azahara Dominguezek aipatu legez, alderdi sozialistak eta bere gazteak indarkeria matxistaren aurkako kontzientziazioa lantzea dute helburu. Gazteetan jarri dute begirada eta horregatik, urte eta erdi da ‘Indarkeria matxistarik ez’ kanpaina martxan jarri zutela. “Sozialistok gizarte ekintzailea nahi dugu, indarkeria matxistari ez esaten diona”, aipatu du. “Guztiek jaiak berdintasunean bizitzea, sexuagatik beldurrik ez izatea, neskak etxera lasai joatea,… nahi dugu” gaineratu du.

Euskadiko hiru hiriburuetako eta hainbat herrietako jaietan izan da ekimena, Isaac Palenciak azaldu modura eta bertan ‘Indarkeria matxistarik ez’ leloa duten txapak banatu eta gazteen kexak edo ezinegonak entzuten dituzte. “Harrera ona izan du ekintzak eta gazteekin asko hitz egin dugu gaiari buruz,” aipatu du.

Gauzak honela ostiralean, Kutxa Kultur musika jaialdiko sarreran egongo dira eta Lasarte-Oriako gazteak haiekin bat egitera bultzatzen dituzte.

Lasarte-Orian ere lanean

Jesus Zaballos alkateak azaldu duenez, Lasarte-Oriako alderdi sozialistak ere kontzientziazioa lantzen du herrian. “Ikastetxeetan edo Emakumeen Zentro Zibikoan hitzaldiak eskaintzen dira eta beste motatako ekimenak ere egiten dira, hal anola, bankua margotzea”.

Hala ere,  alkatearen hitzetan, “egiten diren ekimenak ez dira nahikoak, lan asko dago oraindik egiteko. Lasarte-Orian ez dugu indarkeria matxistaren aurkako eguna bakarra izatea, 365 egunetan  presente egotea nahi dugu”.