Andaluzia, inoiz baino gertuago

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko ira. 30a, 20:48
Euskal Herri osotik etorritako Andaluzia etxeak Lasarte-Orian elkartu dira asteburuan, 29. FARAE topaketak ospatzeko. Bapo jan dute, kantuan eta dantzan egin dute, eta kilometro askotara daukaten jaioterria gogoratu

"Gaur (atzo) topaketa hauetan bildu garenetatik askok 50 urte baino gehiago daramatzagu jaioterritik urrun, gure sustraietatik urrun. Kantatu, abestu eta goza dezagun festaz". Semblante Andaluz elkarteko lehendakari ohi Jose Perezen hitzak dira. Semblante Rociero koruan parte hartzen du: gitarra jo eta kantatu egiten du. Aurtengo FARAE topaketetarako abesti berri bat prestatu dute. Aitortza egiten diete Euskal Herriko andaluziar etxeei eta abesten dute sorterritik urrun egoteak sortzen dituen sentimenduez: nostalgia, tristura, herrimina... Andaluziatik ehunka kilometrotara bizi arren, inoiz baino gertuago egon ziren euren jaioterritik Michelingo kirol gunean elkartu ziren pertsonak.

Meza ospatu zuten goizean, Arantzazuko Ama elizan. Ramon Uribe-Etxeberria apaiz beteranoak gidatu zuen elizkizuna, eta Semblante Rocierok jarri musika. Michelingo kirol gunetik kanpo egin zuten ekintza bakarra izan zen. Agintariei harrera egin aurretik, emanaldiak taula gainean: Lasarte-Oriako Gitanillas del Alba eta Duende, Sestaoko Triana eta Barakaldoko Sueños. Euskal eta andaluziar kulturek bat egin zuten segidan. Ruben Arranzek eta Amaia Gonzalez Caballerok aurreskua dantzatu zieten erakunde desberdinetako ordezkariei.

Protokolo ekintza bukatutakoan, bazkaltzera eseri ziren. Portugaleteko Sukalde katering enpresak prestatu eta banatu zuen menua: entsaladilla errusiarra eta foie-grasa hasteko, babarrun beltzak gero, bakailaoa piper eta tomate saltsarekin eta arkume menestra. San Markos tarta goxoa jan zuten postrean. Atzoko otordua antolatzearen arduradunak esan zuen laurehun pertsona elkartu zirela bazkaltzeko. Etorri ziren Barakaldoko andaluziar etxeko kideak, Arrasatekoak, Bilbokoak eta Sestaokoak, besteak beste.

Arratsaldean ere festa

Digestioa egiteko ez dago sevillana batzuk dantzatzea baino hoberik. Hori pentsatu zuten behintzat Michelinen elkartu zirenek. Ia ordubetez aritu ziren kantuan eta dantzan, arratsaldeko emanaldi sorta hasi aurretik. Errenteriako Aljarafek, Durangoko El Surrek eta Gasteizko Raices del Sur taldeekin berotu zituzten motorrak, aurtengo topaketetako hitzordu nagusia hasi zen arte: Malagatik etorritako SonSonySal taldeak dantzan jarri zituen ikus-entzule guztiak.

Duela lau urte antolatu zituen azkenekoz Semblantek FARAE topaketak. Berez ez zegokien beraiei aurtengo edizioko lanak hartzea, baina eskatu egin zieten, eta, Udalaren laguntzarekin, onartu egin dute. Atzoko arrakasta ikusita, ez litzateke harritzekoa izango hemendik gutxira kirol gunea berriro ere Euskal Herri osotik etorritako andaluziarren topagune bihurtzea.

Argazki galeria