Jaiek etenik ez dute

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 12a, 16:43
Orian Karmengo jaiak egingo dituzte asteburuan. Uztailaren azken asteburuan, Basaundi auzokoak dira.

Sanpedroetatik atseden hartu ondoren, heldu da berriro ere festetan murgiltzeko ordua. Orian Karmengo jaiak egingo dituzte asteburu honetan, eta egitarau zabala prestatu dute, adin tarte guztientzako. Denetan bada ekitaldi berezi bat: Brunet eskultura inauguratuko dute, Oriako auzokideak omentzeko. Igandean izango da, 11:00etan. Egun horretarako antolatu dituzte ekitaldi gehienak: herri bazkaria, haurrentzako puzgarriak, Sorgin Dantza, meza, merienda eta berbena. 

Eta uztaila amaitzeko, Basaundin jaiak egingo dituzte. Asteburu luzea izango da. Larunbatean eta igandean ez ezik, astelehenean, San Inazio egunean, ere izango da non ondo pasatu. Kontzertuak, mus txapelketa eta txapelketa gastronomikoak egingo dituzte.

Juan Rodriguezek eta Manolo Urdanpilletak udalari eskerrak eman dizkiote, auzo horietako jaiak babesteagatik. 2.931 euroko laguntza eman du udalak jai bakoitzerako. Horrez gain, Kultura eta Gazteak departamenduetako hainbat ekitaldi festa egunetan ezarri ditu udalak.