Izurriak kontrolatzeko bi kontratu sinatu ditu Lasarte-Oriako Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 21a, 11:30
Lasarte-Oriako Udalak izurri ezberdinak kontrolatzeko bi enpresa kontratatu dituela eman du jakitera

Lasarte-Oriako Udalak izurri ezberdinak kontrolatzeko bi enpresa kontratatu dituela eman du jakitera. Bi enpresa horiek Irati-Rentokil eta Irabia Control de Plagas S.L. dira. 

Irati-Rentokil enpresak Asiako liztorraren (Vespa Velutina) eta liztor arruntaren (Vespula Vulgaris) habiak tratatu eta beharrez gero, kenduko dituzte. Zerbitzuaren kostua 3.800 eurokoa da.

Irabia Control de Plagas S.L. enpresak, berriz, udaleko eraikinetako eta kontainer lurperatuetako arratoien kontrola egingo du. Zerbitzu horrek 9.173 euroko balio du.

Horrez gain, prozesionaria desagerrarazteko esperientzia pilotu bat martxan dagoela ere ohartarazi du udalak. Andatza plazako eta Bitarteko zuhaitzetan beldarrak jasotzeko uhal berezi batzuk ipiniko dira.