Suhiltzaileak, mekanikoak, medikuak, erizainak, harakinak, poliziak, irakasleak, politikariak, garbitzaileak, pilotuak, dendariak, tabernariak… Lanbidez jantziko da asteburu honetan Lasarte-Oria, horixe baita Inauterietarako aukeratutako gaia. Burua astindu ondoren, iritsi da irudimenari etekina ateratzeko ordua, mozorro eta lagun artean ondo pasatzekoa.
Atzo bertan, ostegun gizenean, ekin zioten festari. Lasarte-Oriako Musika Eskolak tradiziozko Kontzertu Bufoa eskaini zuen. Txikienek jarraituko dute festarekin, gaur bertan, ostiral mehean. Ikastetxeetan mozorrotuko dira, eta gurasoek eta beste senideek ikusi ahal izango dituzte mozorroak soinean. Eguraldiak festa errespetatzen badu behintzat. 15:20ean hasiko dute Landaberrin; Garaikoetxea eraikinean, berriz, 15:30ean; eta Sasoeta Zumaburun 15:40ean.
Ez da ostiraleko ekitaldi bakarra izango. Ttakun Kultur Elkarteak Inahaldunak ekimena antolatu du. Gazte Klubeko eta Kuadrillategiko lagunak Villa Mirentxun bilduko dira, 18:00etatik 21:00etara. Aisia euskaraz eskaini, eta gaztetxoen ahalduntzea bultzatzea dute helburu. Horrela, mozorro eta ikuskizun lehiaketa egingo dute. Parte hartzaileek antzerkia, dantza edo bertsoak abestuko dituzte, mozorroturik.
Larunbata konpartsen eguna izango da. Eguerdian hasiko dute festa, Okendon. Aurkezpena egin eta mozorro herri lehiaketa hasiko dute. Ondoren, karroza onena eta konpartsen mozorroak sarituko dituzte.
Larunbata, egun handia
Sariak banatuta daudenean hasiko dira tripa betetzen. Okendon bertan herri bazkaria egingo dute. Bazkal ostean ere egongo da zer egin plazan; Super Bingoan jokatuko dute. Indarrak bilduta, 17:00etan iritsiko da kazorren desfilea egiteko garaia. Honako konpartsa hauek parte hartuko dute: Zabaleta, Zentro Zibikoa, Larramendizalez, Jalgune, Intzak Parranda, Sasoeta Sasoian eta Erketz. Herrigunetik itzuli bat egin ondoren, berriro bueltatuko dira plazara. Txokolatada izango dute han 20:00etatik aurrera.
Astelehena ere, jai
Baina igandean ez da festa amaituko. Astelehenean Inahaldun-en beste saio bat egingo dute. Amaraun Klubeko haur eta gurasoen txanda izango da orduan, 2 eta 8 urte bitarteko haurren eta familien arteko harremana sustatzeko, 17:00etan, Villa Mirentxun.
Txus Alonso Festetako zinegotziak jakinarazi du udalak festetarako ezarritako aurrekontua; ia 23.000 euro. 11.000 inguruko dirulaguntza eman dute mozorroetarako eta karrozetarako. Beste 8.000 inguru jardueretarako eta azpiegiturarako. Azkenik, 3.600 jarri dituzte Euskal Inatuterietarako. Jesus Zaballos alkateak eskerrak eman dizkie Ttakun Kultur Elkarteari eta konpartsa guztiei, "festa dibertigarriak prestatzen" egindako lanagatik.
Egitaraua
Otsailak 9
• 15:30 Inauteri festa ikastetxeetan.
• 18:00 'Inahaldunak', Villa Mirentxun.
Otsailak 10
• 12:00 Bilkura Okendo plazan.
• 12:30 Konpartsen aurkezpena.
• 13:30 Bakarkako mozorro lehiaketa.
• 14:00 Karrozen eta konpartsen mozorro lehiaketa eta sari banaketa.
• 14:30 Herri bazkaria, Okendon
• 16:30 Super Bingoa, Okendon.
• 17:00 Konpartsen desfilea.
• 20:00 Txokolatada.
• 23:00 Disko jaia.
Otsailak 12
• 17:00 'Inahaldunak', Villa Mirentxun.