Irudimena lanean jarri du Lasarte-Oriak

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko ots. 10a, 18:47
Asteburua koloretsua izaten ari da. Ogibide eta ofizioen gaiari helduta, imajinazioa lanean jarri dute lasarteoriatarrek

Urtebetez zain egon ostean, gogotik ospatu ditu Inauteriak Lasarte-Oriak. Ogibide eta ofizioen gaiari helduta, irudimena lanean jarri dute lasarteoriatarrek, eta mozorro ikusgarri eta orijinalak jantzita atera dira kalera: suhiltzaileak, DJak, arrantzaleak, baserritarrak, obrako langileak...eta abar. Baita aktore sorta bat ere, limusina arrosa eta guzti! 

Eguerdi partean hasi zen girotzen herria. Okendo plazan emanaldi ikusgarriak eskaini zituzten lehiaketan parte hartu zuten zazpi konpartsek. Zabaleta Auzolan, Emakumeen Zentroa, Larramendizales, Jalgune, Sasoeta Sasoian, Intzak Parranda eta Erketz animatu dira aurten. Banakako eta taldekako mozorro txapelketak ere egin zituzten, Lasarte-Oriako Udalak antolatuta. Sariak ez ziren nolanahikoak: urdaiazpiko hanka bana irabazleentzat. Intzak Parranda konpartsak irabazi du aurtengo sari nagusia (suhiltzailez mozorrotu ziren).

Okendon egin ziren emanaldi gehienak, baina gainontzeko plaza eta kaleek ere kolorea hartu zuten. Kale Nagusia, esate baterako, mozorro pasarela bihurtu zen: 20. hamarkadan girotutako mozorroak zeramatzan koadrila, ospitalea karroza eta guzti, aktoreak eta limusina, erlezainak, sukaldariak, zerbitzariak eta beste hainbat. 

Arratsaldean jarraitu zuen festak. Goizean lehiatu eta gero, karrozak hartu eta herriko kaleetan barrena desfilatu zuten arestian aipatutako zazpi konpartsek, herria girotuz. Bien bitartean, Gazte Klubeko neska-mutilek super bingoan jokatu zuten. Eztiphotok eman zituen emanaldirako sariak. Gaueko ordu txikietara arte luzatu zuten festa askok; Antonio Mercero gunearen alboan DJa aritu zen musika jartzen. 

Argazki galeria

Bideoteka