Iritzi "kontrajarriak" erakartzea, hurrengo hitzordurako erronka

maddi-noriega 2018ko mai. 17a, 13:00
Landaberri Ikastolan egindako Gune Irekiaren balorazioa egin du Lasarte-Oriako Hitzartu taldeak

Hondakinen kudeaketa hizpide hartuta, Gune Irekia antolatu zuen Hitzartuk, maiatzaren 5ean, Landaberri Ikastolan. Zalantzak zituzten antolatzaileek jendeak gonbiteari erantzungo ote zion, baina "gustura" daude parte hartzearekin. "Pentsatu genuen, agian, jendeari erreparoa eman zekiola gaiaren inguruko iritzia elkarbanatzea, baina oso motibatuta etorri ziren, ikusten da jendeak beharra duela gaiaz jarduteko", azaldu du Joxe Mari Izeta GuraSOSeko lehendakariak.

Dena den, ez dute lortu iritzi kontrajarriak dituzten herritarrak erakartzea. Hondakinen kudeaketaren gaian jendea "oso posizionatuta" dagoela uste du Izetak, eta Landaberrin egin izanak ere eragina izan duela horretan. Iritzi guztietako jendea biltzea dute hurrengo hitzordurako erronka. Belaunaldi arteko hutsuneak ere antzeman dituzte, eta horri ere aurre hartu nahi diote beste baterako. 

Planteamendua egokia

Gune Irekia esparru diafano batean egin izana "positiboa" da Lasarte-Oriako Hitzarturentzat. Zenbait gai proposatu eta taldeetan banatu ziren parte  hartzaileak, eta horrek, "oso zirkulazio polita" eragin zuen. Interesatzen zitzaien gaiaren arabera mugitzen ziren talde batetik bestera. 

Haur eta gaztetxoekin joandako gurasoentzat ere "erosoa" izan zen parte hartzea. 

Hurrengo hitzorduetarako hobetu beharreko puntuei heldu eta horiek hobetzen saiatuko da taldea, baina guztiaren gainetik, "balorazio positiboarekin" amaitu dute Gune Irekia. Talde trinko bat badago  eta lanean jarraituko dutela jakinarazi dute.