Menditik jaitsi, eta Lasarte-Orian dira honezkero Mari Domingi eta Olentzero, zakua bete opari, gure etxeetan banatzeko gaur gauean zehar. Lan nekeza dute aurretik, baina indarberrituta ekingo diote, herritarren aitortza bero eta goxoa jaso ostean.
Herriko kaleetan barrena desfilatuz ekin dio arratsaldeari bikoteak, Xixuko ahatea eta Porrotx pailazo bihurria lagun zituztela. Horiek izan dira protagonista nagusiak, baina ez bakarrak: atera dira baita ere galtzagorriak eta arkumetxoak. DBHn ikasten ari diren hainbat gaztek ere hartu dute parte. Gazteenek argi-zuziriak eraman dituzte. DBH2 eta 3koek, aldiz, euskal mitologiako hainbat pertsonaia irudikatu dituzte: Basajaun, Mari, Tartalo, Sorginak, Basandere, lamiak... Azkenik, rezibatukadan arituz girotu dute arratsaldea DBH4ko ikasleek. Ttakun Kultur Elkarteak antolatu du desfilea.
Okendo plaza lepo zegoen, ikazkinari eta bere lagunei harrera beroa egiteko. Urtebetez egon dira zain lasarteoriatarrak, gaztetxoenak batez ere, eta gogotsu zeuden gaurko protagonista maitagarriak gertutik ikusteko. Olentzero prestatu bitartean, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx aritu dira taula gainean. Gero, Olentzero batu da festara.
Oholtzatik jaitsi, eta aulkietan eseri: haurren eskutitz mordoa jaso dituzte Mari Domingik eta Olentzerok. Denak irakurtzen ari dira uneotan; opariak ez dituzte banatu oraindik, baina ilusioa eta poza ekarri dituzte dagoeneko herrira.