Iraultza herriko kaleetan, umoretik

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 22a, 14:44
Lasarte-Oriako kale eta bazterrak aztoratu zituzten atzo arratsaldean lau atso bihurrik. 'Femmes' kale antzerkiaz gozatu zuten herritarrek Kale Nagusian eta inguruetan.

Adineko pertsonek iraultzak egiteko indarrik ez daukatela uste dutenek ez dituzte 'Femmes' antzezlaneko lau protagonista bihurriak ezagutzen. Lasarte-Oriako kaleetara irten, eta, umoretik, lau atsok herriko bazterrak aztoratu zituzten. Lasarteoriatarrek gogotik gozatu zuten Hortzmuga teatroak sortu eta plazaratutako lanarekin.

Okendo plazan hasi zen iraultza. Lapurrak bailiran, koloretako zapiekin aurpegia estali eta Artizar tabernara sartu ziren. Atsoetako batek gatibu hartu zuen herritar bat, makulua lepo inguruan jarrita ikusleei mehatxu eginez. Anis botila bat ostu zuen beste batek, eta trago ederrak eman. Beste biek oilasko bat hartu zuten. Herritarrek barre-algaraka ikusi zuten hori dena.

Plazatik Kale Nagusirantz abiatu eta euren bihurrikeriekin segitu zuten: trafikoa eten zuten errepidean eseriz ikusleekin batera, atsoetako bati pardel zikina aldatu eta errugbiko baloia balitz bezala erabili zuten, anbulantzia bat ere irudikatu zuten... Umoretik, iraultza eragin zuten herrian.