Irakurle Txokoak bi ekitaldirekin emango dio amaiera ikasturteari

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 27a, 21:44
Bigarren ikasturtea du Literatur Txokoak sortu zenetik. Hilabetero euskarazko liburu bat irakurtzen dute eta amaitzean, idazlea bera gonbidatzen dute mahai-inguru batean liburuaren iritzi eta kritikak irakurleekin partekatzeko. Maiatzean amaituko dute bigarren ikasturteko jarduna, zortzigarren saioarekin. Aurten, diru-iturri propioen beharra ikusi dute eta taldeari ekonomikoki bultzada bat emateko, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia antolatu dute maiatzaren 23rako. Bi saio egingo dituzte Manuel Lekuonan, 16:30ean lehena eta 19:00etan bigarrena. “Laguntza emateko prest agertu ziren herriko pailazoak eta guk, noski, onartu egin genuen eskaintza. Oso eskertuta gaude”, esan dute Irakurle Txokoko kideek. Horretaz gain, Jule Goikoetxea idazleak ‘Euskal Estatugintza Feminista’ hitzaldia emango du maiatzaren 19an, kultur-etxean.

“Euskarazko literatura irakurtzen dugu, eta literaturarekin gozatzeaz batera, Euskara eta Euskal kultura indartzea eta euskararentzako arnasgune berri bat sortzea izan dira gure helburuak”, adierazi du Donetz Iradi Irakurle Txokoko kideak.

Hilabetero saio bat egiten dute Manuel Lekuona kutur-etxeko hitzaldi aretoan, Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak gidatuta.

“Txokora hurbildu diren hainbat pertsona orain hasi dira euskaraz irakurtzen, euskarazko literatura ezagutzen eta gozatzen”, gaineratu dute txokoko kideek.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots herrian

Pailazoen emanaldiari dagokionez, 'Txo Mikmak Txikia' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute maiatzaren 23an kultur-etxera hurbiltzen direnek. Txo Mikmak Ternuako indioa da eta Ternuatik Euskal Herriraino etorriko da bere balearekin batera. Itsasoa zikin topatuko du, aitona Rogerekin bat egin eta XVI. mendeko egurrezko baleontzira igota mundu hobe baten alde nabigatuko dute.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunean, Lasarte-Oriako Udal Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleak, Xumela abesbatza, Literatur Txokoko kideak dantzan eta kantuan… Denetarik izango da. Kopla berezi batzuk ere prestatu dituzte denen artean. Txapas omenduko dute, Xumelako zuzendari lanetan bederatzi urte daramatzan gizona.

Bestalde, Literatur txokoko ikasturtea amaitzeko, Jule Goikoetxea hernaniarrak ‘Euskal Estatugintza Feminista’ hitzaldia eskainiko du maiatzaren 19an kultur-etxean, arratsaldeko 18:30etik aurrera. Hitzaldia irekia da eta bertara joateko gonbitea luzatu du Irakurle Txokoak.

Sarrerak

Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikustera joateko sarrerak salgai daude Lasarte-Oriako Jalgi, Artizar eta Urruzola mertzerian. Eskualdean, Usurbilgo Bordatxo tabernan, Andoaingo Ernaitza liburudendan, Hernaniko Irrigoenea okindegian, Astigarragako Ikatza tabernan eta Añorgako Jolas-etxea tabernan. Sarreren prezioa 7 eurokoa da.

Jule Goikoetxearen hitzaldia doan da.