Iraia Iparragirreren golak ireki du markagailuari buelta emateko bidea

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 25a, 18:59

Balentria egin du Realak: 2-0 ari zen galtzen 85. minutuan, Iraia Iparragirreren golak partida iraultzeko bidea ireki duen arte. Torrek sartu du 2-2koa, minutu baten faltan. Bigarren Mailan, 5-0 irabazi du Athleticek eta 1-5 galdu Añorgak. Ederki hasi du liga Ostadar SKTk, etxetik kanpo 1-2 irabaziz

Berandu, baina ez beranduegi. Bazirudien Realak denboraldiko lehen porrota jasango zuela Logroñoren aurkako neurketan: 2-0 ari ziren galtzen zuri-urdinak, partida amaitzeko bost minuturen faltan. Orduantxe ireki zuen Iraia Iparragirrek markagailuari buelta emateko bidea. Inor baino azkarrago ibili zen korner batean, buruz errematatu eta 2-1ekoa sartu zuen. Hiru minutu barru berdindu zuen Realak, beste defentsa baten gol bati esker: alboko falta bat sareratu zuen Maddi Torrek, buruz baita ere.

Asteburuan lortutako urrezko puntuarekin, bederatzitik zazpi pilatu ditu Gonzalo Arconadaren taldeak, eta bigarren postuan da. Sevillaren aurka jokatuko du etzi, Zubietan, 12:00etan. 

Jardunaldia gazi-gozoa izan da Bigarren Mailan ari diren taldeentzat. Athleticek 5-0 irabazi dio Mulierri: hasieratik aritu zen Irati Urruzola eta 64 minutu jokatu zituen. Añorgak, berriz, galdu egin du Eibarren aurka, 1-5. San Ignacioren aurkakoan bilatuko dute errebantxa. 

Ohorezko Erregional ligari primeran ekin dio Ostadar SKTk. Goierri Gorri taldeari egin zion bisita asteburuan, eta hiru puntuak eraman zituen Ordiziatik. Partida ez zuten ongi hasi urdin-beltzek, seigarren minuturako 1-0 ari baitziren galtzen. Lanean jarraitu zuten lasarteoriatarrek, eta atsedenaldia baino lehen jaso zuten saria; berdinketaren gola sartu zuen Norak. Etxetik kanpo puntu bat lortzea ez da uzta txarra, baina garaipenaren bila joan zen Ostadar. Baita lortu ere: aurten taldera itzuli den Kiara Tobajasek sartu zuen 1-2koa 60. minutuan. Ez dute partidarik asteburu honetan, atseden hartzea tokatzen zaie-eta.

Asteburuko gainontzeko emaitzak

  • Erregional Preferentea: Tolosa 0-1 Ostadar SKT (Julen Lopez).
  • 1go Erregionala: Ostadar SKT 1-3 Danena (Alejandro Fernandez).
  • Ohorezko Jubenila: Ostadar SKT 4-1 Bergara (Ander Marcosek eta Beñat Negredok bina gol).
  • 1go Jubenila: Euskalduna 2-4 Ostadar SKT (Ibon Otxandorena, Andoni Fernandez, Beñat del Olmo eta Alex Ibarra).
  • Kadeteen Ohorezko maila: Vasconia 1-1 Ostadar SKT (Adam Sanchez).