Iraganean aztarrika, oraina hobeto ulertzeko

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 6a, 12:00

1936ko estatu kolpearen ondorioz Gipuzkoan eta Nafarroan gertatutakoa xehe-xehe aztertuko dute Islada Ezkutatuak antolaturiko hitzaldi sortan. Ostiraletan, 19:00etan, Mercero gunera gonbidatuko dituzte adituak eta ikertzaileak hitzaldiak ematera

Gaur egungo gertakari asko eta asko ulertzeko ezinbestekoa da atzera begiratzea. "Gertatutakoa behar den bezala kontatu behar da". Izan ere, Joxe Agustin Muguruza Islada Ezkutatuak taldeko kidearen arabera, azken 40 urteotan gertatutakoa ez da zuzen kontatu. "Esaten digute Trantsizioak ekarri zuela demokrazia. Baina demokrazia II. Errepublikak ekarri zuen, Trantsizioak frankismoari zilegitasuna eman besterik ez zion egin". Horregatik, 1936. urtetik aurrera Euskal Herrian gertatutakoa deskribatzeko ez du gogoko gerra zibila terminoa. "Estatu kolpe bat izan zen. Ezin dugu bi bandotaz hitz egin". Gertaera horiek "zuzen" kontatzeko, 1936ko kolpeak Euskal Herrian utzitako ondorioak xehe-xehe aztertuko dituzte, ikuspegi askotatik. 

Anarkistak Gipuzkoan

Islada Ezkutatuak antolatuta, urriko ostiral guztietan, eta azaroko lehenengoan, hitzaldiak egingo dituzte, aditu eta ikerlariak gonbidatuta. Hain zuzen, lehen hitzaldia Nafarroari buruz izango da. Faxistek eta errepublikaren aldekoek erabilitako armamentua ere aztertuko dute. "Oso garrantzitsua da hori, jakiteko noren kanpo laguntza izan zuten batzuek", esan du Muguruzak. 

Bestalde, oso gutxi jorratu den beste gai bat landuko dute: anarkistek jokatutako rola Gipuzkoaren defentsan; Galiziatik iritsi ziren hainbat batailoi. Garai hartako Euskal Herriko anarkisten arrastoa jarraitzea oso zaila da, ezkutatuak baitzeuden gizartean.

Horrez gain, ipar fronteko nazionalisten eraketari buruz hitz egingo dute. Garaiko EAJk hartu bazuen ere defentsaren gidaritza, ezkerreko talde ugarik bataloiak sortu zituzten.

Hitzaldiak

• Urriak 6: Sarraskia eta suntsipen politikoa Nafarroan. Hizlaria: Fernando Mikelanera, Zaragozako Unibertsitateko irakaslea. 

• Urriak 13: Faxistek eta errepublikarrek erabilitako armamentua. Hizlaria: Asier P. de Eulate, Frente de Naloneko presidentea. 

• Urriak 20: Anarkismoa eta bere parte hartzea Gipuzkoako defentsan. Hizlaria: Sergio Balchada, Lubakikoak taldeko kidea.  

• Urriak 27: Batailoi nazionalistak Gipuzkoan. Hizlaria: Julen Lezamiz, ikertzeailea eta Historian doktorea. 

• Azaroak 3: Beasain: ekintza militarraren errepresio faxistaren hasiera Oria bailaran. Hizlaria: J.A. Muguruza, Islada Ezkutatuak taldeko kidea.