Iparragirre, Bodegas eta Gomez saritu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 13a, 19:05
Udalak aurten nabarmendutako Lasarte-Oriako kirolariei omenaldia egingo die larunbatean. 11 hautagaitik hiruk jasoko dute saria; Iparragirre futbolariak eta Gomez korrikalariak urteko merezimenduengatik, eta Bodegas triatoilariak kirol ibilbideagatik

Lasarte-Oriako kirolari nabarmenenak aukeratu ditu udalak. Iraia Iparragirre, Raul Gomez Margallo eta Pili Bodegasek udalaren omenaldia jasoko dute larunbatean, 12:00etan, udal-batzar aretoan.
Herritarrek hamar proposamen aurkeztu zituzten, bakarra emakume kirolari sarirako: Iparragirre bera. Gizonezko kirolari eta kirol ibilbideko sarirako hautagaiak erabaki behar izan ditu Kirol Batzordeak. Hautagaiak Aitor Manso karting pilotua, Ander Bardaji atezaina eta Gomez Margallo korrikalaria izan ziren. Kirol ibilbidearen kategorian, berriz, hauek izan ziren proposamenak: Pili Bodegas triatoilaria, Andoni Illarramendi triatloilaria, Gomez Margallo bera, Amaia Andres atleta, David Martin kros korrikalaria eta Buruntzazpiko Txirrindularitza Eskola.

Saridunak
Ostadar SKTko harrobian hasi zen jokatzen Iparragirre.  Añorgako Rezola zelaian ondu zen defentsa bezala, eta 2015-2016 denboraldian eman zuen jauzia; Realak fitxatu zuen orduan. 2016ko apirilean egin zuen debuta, Oviedon. 2017-2018 denboraldi hasiera gogorra izan zuen, baina entrenatzaile aldaketarekin batera, hamaikakoan ezinbesteko jokalaria bihurtu da. 

Gizonezko kategoriako saria  Gomez Margallo korrikalariari emango diote. Herri lasterketetan ohiko korrikalaria da. Gainera, lehen postuetan ibiltzen da beti. Aurten Egiako Porrontxoetan eta Iruneko San Martzial  lasterketako podiumeko lehen  koskara igo da. Horrelako emaitzei esker, azken lau urteetan  Kirolprobako ligako txapela eskuratu du. Aurtengo txapelketan hirugarren da sailkapenean, Victor Madejon eta Gorka Gil herritarraren atzetik, lasterketa batzuren faltan. 

Azkenik, Bodegas triatloilariaren ibilbidea omenduko dute. Yepa! triatloi taldeko lasarteoriatarra beterano mailako esprint mailako Gipuzkoako txapelduna da. Triatloiaz gain, herri lasterketa zein krosetan eta igeriketa probetan ere lehiatzen du, emaitza onak lortuz.