Ione Zabalak irabazi du I. Margoketa Lehiaketa

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 27a, 21:31
Herriko neska gazte batek, Ione Zabalak irabazi du Lasarte-Oriako I. Mural Lehiaketa Juan XXIII. plazan egin duen lanarekin

Pablo Barrio alkateak banatu zituen sariak ostiralean udaletxeko pleno aretoan egin zen sari-banaketan. Irabazleak honakoak: 1. Ione Zabala 1.500 euro 2. Estibaliz Vera 1.250 euro 3. Miguel Angel Medina 1.000 euro 4. Alejandro Gonzalez 300 euro eta 5. Juan Carlos Arango 300 euro.

Alkateak guztien lana baloratu, eskertu eta "udaberriaren etorrerarekin" alderatu zituen obrak. "Helburu hirukoitza zuen  lehiaketa honek, herriari kolorea ematea, artistei euren lanak islatzeko leku bat eskaintzea eta herriko merkatua biziberritzen laguntzea", adierazi zuen Barriok. 

Eskerrak eman zizkien era berean Antxota herriko artisten elkarteko kideei, prozesu guztian zehar emandako laguntzagatik. 

Ione Zabalak bere aldetik, sorpresaz jaso du albistea: "Ez nuen inondik espero, Arte Ederrak ikasten ari naiz EHUn Leioako Campusean eta aurrera egiteko indarrak ematen dizkit".